AROA, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu dute Durangon

Anboto 2024ko aza. 28a, 18:03

2025etik 2028ra bitartean garatuko den planak 140 lan-ekintza definitzen ditu, zazpi esparrutan banatuta.  EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Herriaren Eskubidearen aldeko botoekin onartu zuten AROA plana, atzo egindako udalbatzarrean. Alderdi Popularra abstenitu egin zen

AROA Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu dute Durangon. Udaberrian martxan jarri zen Euskara Kontseiluan egindako lanketa eta hausnarketaren "emaitza zuzena" da AROA plana. Prozesu horretan, herriko hainbat eragile, elkarte eta norbanakok parte hartu dute, "Durangoko sare soziala eta hizkuntza-errealitatea ahalik eta modu zehatzenean islatzeko". Lau urteetan garatzeko 140 lan-ekintza batzen dira, zazpi esparrutan banatuta.

Paule Sanchez Euskara zinegotziak azpimarratu duenez, "euskara udalaren ardatz estrategikoetako bat da, eta gure politika guztien erdigune eta zeharkako oinarri gisa ulertzen dugu. AROA Planak, tokian tokiko behar eta helburuetara egokituta, euskara Durangoko esparru guztietan sustatzeko eta txertatzeko bide berriak zabalduko ditu”.

Aurreko euskara sustatzeko planetatik ikasitakoa eta Euskara Kontseiluan identifikatutako erronka eta lehentasunak integratu dituzte udalbatzarrak atzo onartutako AROA planean. Hartara, gazteen hizkuntza hautuan eragin gura dute, aisialdian eta kirolean euskararen erabilera sustatuz. Era berean, merkataritza-sektorean euskararen presentzia indartzea dute helburu, bai saltzaileei bai bezeroei zuzendutako ekimenekin. Bestalde, etorkinak hurbildu gura dituzte euskarara, integrazio tresna gisa ulertuz. Horretarako jarduera zehatzak garatuko dituzte: euskara ikasteko ikastaroak, lehen hitza euskaraz egitera animatzeko kanpainak eta euskararen erabilera sustatzeko teknologia eta komunikazio tresnen garapena. Sanchezek nabarmendu duenez, "genero ikuspegia eta parte-hartze integrala bermatzen ditu, tokiko errealitate guztiek lekua izan dezaten".

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Herriaren Eskubidea udal taldeek babestu plana. PP abstenitu egin zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!