Tokiko negozioei buruzko informazioa eskaintzen duen tresna digital berria aurkeztu du Dendak Bai elkarteak: AMARI Durango, adimen artifizialean oinarritutako laguntzaile birtuala. "Gero eta ingurune digitalizatuago batean, non informazioaren berehalakotasuna giltzarri den, herritarrak tokiko negozioekin azkar eta erraz konektatzeko diseinatutako tresna da AMARI Durango", Durangaldeko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteak argitu duenez. Momentu honetan, 80 negozio baino gehiagori buruzko informazioa batzen du, askotariko sektore eta zerbitzuak batuz: elikadura, edertasuna, moda, argazkigintza, hizkuntza-akademia... Garapen teknikoaz We Are Clickers enpresa arduratu da.
Alex Palacios Dendak Bai elkarteko presidenteak azaldu duenez, "tokiko negozioek ikusgarritasuna hobetzeko eta egungo informazio-eskaeretara egokitzeko duten premiari erantzun gura dio AMARI Durango laguntzaile birtualak". WhatsApp bidez dago eskuragarri 747 445 235 zenbakian, eta datozen egunetan www.dendakbai.eus atarian ere egongo da . Amamaren irudian inspiratuta dago AMARI Durango laguntzaile birtualaren abatarra, "kofidantza ematen digun eta edozertarako konponbidea duen amama horretan". Dendak Bai elkartetik azaldu dutenez, "ikuspegi praktikoa, eta, ukitu gizatiar eta abegikorra" bateratzen dituen abartar ilustratu horrek "tokiko merkataritzaren ezaugarri den hurbiltasuna eta konfidantza sentimendua indartzen du".
Tokiko negozioen informazioan oinarritutako berehalako erantzunen bidez, " erosketa-esperientzia erraztu eta hobetu gura du tresna honek", nabarmendu dutenez, "negozioetara pertsona gehiago erakarri eta Durangoko merkataritza-ostalaritza eta zerbitzu sarea indartuz". Laguntzaile birtuala "etengabe" elikatuko da negozio gehiagotako informazioarekin, "esperientzia hobetzen jarraitzeko".
AMARI Durango laguntzaile birtuala "etengabe" elikatuko da negozio gehiagotako informazioarekin, "espereintzia hobetzen jarraitzeko". Izan ere, "herriko ehun komertzialaren aniztasuna eta aberastasuna islatuko duen informazio iturri izatea du helburu". Bada, oraindik proiektura batu ez direnek aukera dute horretarako. Dendak Bai elkartearekin harremanetan jarri daiteke horretarako (94 681 81 42 / info@dendakbai.eus).
Dendak Bai elkarteak "berrikuntzarekin eta hurbileko negozioei laguntzeko duen konpromisoa" indartzen duela azaldu dute. Durangoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI taldearen laguntza izan du.