Kalitatezko osasun publikoa eskatuz, DOPA plataformak aurkeztutako mozioa onartu dute Durangon

Anboto 2024ko aza. 28a, 09:22

Udalbatzarreko irudi bat.

Jaurlaritzari eta Osakidetzari "egiazko" lan taldea bermatzea eskatzen diote atzo onartutako mozioan, eta, pandemiaren aurretiko asistentzia-ahalmena eta langile kopurua berreskuratzea. EH Bilduk, PSE-EEk, Herriaren Eskubideak eta PPk babestu dute idatzia. EAJk kontra bozkatu du.

Durangoko Osasungintza Publikoaren Aldeko plataformak eta herriko hainbat elkarte eta eragilek aurkeztutako mozioa onartu zuen Durangoko udalbatzarrak, atzo. Kalitatezko osasun publikoa aldarrikatzen dute idatzian, eta horretarako "egiazko" lan taldea bermatzea eskatuko diote Jaurlaritzari eta Osakidetzari.  Pandemiaren aurretik zegoen asistentzia ahalmena eta lan taldea berreskuratzea eskatzea onartu du udalbatzarrak, eta deitutako mobilizazioetan udalak modu aktiboan parte hartzea. EAJk ez, gainontzeko udal taldeek babestu dute mozioa.

DOPA plataformako ordezkari Matias Oregik, osasun zerbitzuko gabeziak zerrendatu ditu. Gogoratu du hainbat protesta eta mobilizazio egin direla. "Garai, Berriz eta Zaldibarren mediku barik egon dira, baita Izurtza eta Mañarian. Abadiñon pediatra falta izan dute, eta Durangon larrialdi zerbitzua eskaintzeko medikuak falta izan dira hainbaten". Medikuen lan karga eta hitzordua hartzeko itxarote zerrendak ere ekarriko ditu gogora. Nabarmendu duenez, "kalitatezko osasun publikoa eskaintzeko aurrerapausoak eman beharrean atzerapausoak eman dira. Asko berba egiten da osasun zerbitzuaren inguruan baina ez da ezer egiten".

PPren berbetan, "oinarrizko eskubidea da osasun zerbitzu unibertsal eta publiko bat izatea, eta Durangon gerio eta txarragoa da zerbitzua". Anbulantzia medikalizatu baten premia berretsi du. Herriaren Eskubideak nabarmendu du Durangok mediku bat plaza bete gabe dagoela."Bestalde, larrialdi zerbitzuetan hiru mediku egon beharko lirateke, eta ez da horrela gertatzen". Gaineratu dutenez, "2017tik ari gara bizi dugun egoera salatzen eta ez du hobera egin, txarrera baino".

PSE-EEk adierazi du osasun publikoan sinisten duela. "Pandemiaren aurretik zegoen egoerara ez gara bueltatu oraindik. Hainbat dira arazoak eta neurriak hartu behar dira". Ildo horretan, Jaurlaritzatik neurriak hartzen hasi direla onartu du: "zerrendak gutxitzeko plan bat dago, 75 mediku berri kontratatuko dira eta egoeraren diagnostiko bat egin da, besteak beste". Hala ere, oraindik lana dagoela egiteko nabarmendu du. 

EH Bilduk adierazi duenez, "bizi dugun egoera kudeaketa eredu baten ondorio da. Irtenbidea ez da erraza". Nabarmendu duenez, "merezi dugun Osakidetza edukitzeko denon parte hartzea ezinbestekoa da".

EAJren berbetan, "denoi arduratzen gaitu Osakidetzaren egoerak. Eta batzuk horretan lanean dihardue. Pandemiaren ondoren, neurriak hartu behar ziren, eta dagoeneko martxan daude. Kalitatezko zerbitzua emateko pausoak ematen ari dira". 2025erako aurrekontuetan Jaurlaritzak neurri zehatzak jaso dituela gogoratu du, eta 2026an Durangon Gaitasun Handiko Ospitala eraikitzen hastea aurreikusi dela aipatu du. "Horrekin lotuta anbulantzia medikalizatua ere izango genuke". 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!