Kaletik Gaztetxera dinamikak salatu du antolatzeko zuten espazio bakarra itxi duela Durangoko Udalak

Anboto 2024ko aza. 27a, 21:42

Durangoko jaietan antolatutako gazte bazkariaren irudi bat. (Argazkia: Lucia Meruelo)

Kaletik Gaztetxera dinamikako ordezkariek hitza hartu dute gaur Durangoko udalbatzarrean. "Asanbladaren kontrolpekoa izango den eta udalaren interbentziorik izango ez duen espazio bat" lortzeko negoziazio mahai bat eratzea eskatu dute. 

Duela urte bi Sorginola bota zutenetik, Kaletik Gaztetxera dinamikaren baitan jarraitu du Gaztetxe baten aldeko mugimenduak Durangon. Gaur, "Asanbladaren kontrolpekoa izango den eta udalaren interbentziorik izango ez duen espazio bat" lortzeko negoziazio mahai bat eratzea eskatu die udal taldeei. Salatu dute udalak itxi egin duela "gazteen interesen alde borrokatzen duen" Asanbladak antolatzeko zuen "espazio bakarra". 

Kaletik Gaztetxera dinamikako kideek gogoratu dutenez, "San Fausto jaietan inoizko Gazte Egunik jendetsuena antolatu genuen, eguneko ekintzen erdigunean gaztetxearen beharrezkotasuna izan zuena. Ehundaka gaztek aldarrikatu zuten Durangok gaztetxea behar duela". Hala ere, diotenez, "gaztetxearen aldeko borrokaren dimentsioa ikusita, udalak durangar gazteon interesen alde borrokatzen duen Asanblada etengabe oztopatu eta erasotu" duela diote: "Propaganda politikoa egiteagatik asanbladakideak identifikatuz eta isunak jarriz, egitarauak presentzia polizialaren bidez oztopatuz, eta azkena, batzeko geneukan espazio bakarra, inolako abisurik eman gabe, itxi egin digute. Gure jarduna kaletik egitera behartuz, eta geneukan material guztia galduz". Durangon Gaztetxerik ez egotearen "erantzule zuzena" udala dela nabarmendu dute, eta "gogor" salatu dute udalaren jarrera.

Durangoko gazteon bizimodua "gero eta itogarriagoa" dela diote Kaletik Gaztetxera dinamikako kideek. "Ez daukagu doako kirol eskaintzarik, doako aisialdiaz gozatzeko aukera murritzak dauzkagu, gure egonezin artistikoak aurrera eramateko baliabiderik gabe gaude, gero eta aukera gutxiago ditugu emantzipatzeko; eta ez hori bakarrik; panorama gero eta beltzago honetan, politika instituzionalarekiko desatxikimendu orokortu bat ari da ematen". Dioetenez, "despolitizaziorako joera handia dagoen bitartean, mezu erreakzionarioak bidea egiten dabiltza jende askoren artean. Ideia matxistek, arrazistek, klasistek gero eta pisu handiagoa dute". Horren aurrean, "aisialdi eredu berri" bat bultzatzen ari direla azpimarratu dute. "Udalak bete ezin dezakeen hutsunea betetzen du asanbladak Durangon".

Kaletik Gaztetxera dinamikak eskatu dio udalari "Asanblada erasotzeari uztea eta herriko gazteen exijentziei erantzun bat ematea".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!