Durangoko bidegorri sarea handitzeko lanak hasi dituzte

Anboto 2024ko aza. 26a, 10:07

Durangoko bidegorri sareari 18 kilometro gehituko zaizkio, 32 kilometroko sarea osatuz. Mugikortasun Jasangarrirako Udal Planaren barruan gauzatuko diren lanek 265.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko dute.

Durangoko Udalak herriko bidegorri sarea handituko du. Gaur egun dagoen 14,5 kilometroko bidegorri sareari 18 kilometro gehiago gehituko zaizkio, 32 kilometroko sarea osatuz. 

Mugikortasun Jasangarrirako Udal Planaren barruan gauzatuko dira lanak eta 265.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko dute. Proiektuak "bizikleta-sare berriaren konektibitatea eta segurtasuna bermatzeko" hainbat lan jasotzen ditu. Hiriguneko hainbat kale (Olleria, Larrasoloeta, Landako, Frai Juan Zumarraga, Alluitz eta san roke) egokituko dituzte, bizikletari lehentasuna emateko eta  trafikoaren zirkulazioarekin elkarbizitza errazteko. Horrez gain, seinaleztapena hobetuko da Montorreta eta Ramon Rubial kaleek bat egiten duten lekuan, bizikletadunen eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko.

Bestalde, Tabirabide, eta, Alde Zaharraren eta San Agustinalde kalearen arteko lotura hobetuko da. Oinezkoentzako guneak hobetzeko iaz hasitako lanak osatuko ditu horrek.

Zortzi hilabeteko lanak

Zortzi hilabete iraungo duten lanak amaituta, bizikletadunentzako bidegorri sare "seguruagoa" eta "efizienteagoa"  izango du Durangok, udal arduradunen berbetan. "Herriko hainbat puntu lotuko ditu, bizikleta alternatiba jasangarri eta osasungarri gisa sustatuko du", nabarmendu dutenez. Durangok mugikortasun jasangarria eta herritarren bizi- kalitatea hobetzeko pauso bat gehiago eman duela gaineratu dute. "Bizikleta aukera segurua eta erakargarria izatea nahi dugu, eta horretarako funtsezkoa da azpiegitura egokiak izatea".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!