Durangoko EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen atzo San Agustin Kulturgunean, udalerriari begirako "norabide berri bat" proposatzeko. Gaur egun udaleko ordezkari diren kideek eta kide izandakoek hartu zuten berba. Ima Garrastatsu zinegotzi eta alkate ohiak "etxebizitzaren arazoa, klima larrialdia eta zaintza krisialdia" ipini zituen etorkizuneko "errona global" modura. Durangon, gai horietan, "egiteko asko" dagoela azaldu zuen. Hori dela eta, udalerriko aniztasuna aintzat hartuta, "norabide partekatu bat" ematera deitu zuen. Bestalde, Aritz Bravo zinegotzi ohiak adierazi zuenez, Durangoko Udalak "agortutako eredu bat" jarraitu du "urte askoan", eta, gaur egungo gobernu taldeak ere "agortutako eredu horri jarraitzen" diola iritzi zion. Norabide berriaren oinarrian "politika neoliberalak gainditzeko" elementuak behar direla azaldu zuen Bravok: "Onartu behar dugu etxebizitzaren arazoa ez duela merkatuak konponduko, eta instituzioek esku hartu behar dutela. Onartu behar dugu larrialdi klimatikoan gaudela eta deshazkundea bultzatu behar dela. Onartu behar dugu zaintzaren auzia lotuta doala zerbitzu publikoen indartzearekin", adierazi zuen.
Proposamen berriaren ezaugarriak
Azkenik, Martin Arrasatek eta Ane Abanzabalegik norabide berriak izan beharko lituzkeen ardatzak azaldu zituzten. Honako hauek:
- Hirigintza pertsonen zerbitzura jartzea proposatu dute, "etxebizitzaren egoeran esku hartuz eta krisi klimatikoaren aurrean Durango Berdeago baterantz pausoak emanez".
- Herriko elkartegintzari aitortza egitea proposatu dute, bide batez "kultur ekosistema, auzoetako metabolismoa zainduta eta komertzio txikia biziberrituta".
- Feminismotik eta zaintzaren krisiari aterabideak topatze aldera "inor atzean utziko ez duen herria" aldarrikatu zuten, "jatorria, hizkuntza edo aniztasun funtzionala dena delakoa izanda".
Eta norabide berri horietan pausuak emateko asmoz, honako tresna hauek proposatu dituzte: alderdi politikoen arteko elkarlana; elkarteen eta herritarren komunitatea eta parte hartzerako tresnak sustatzea.