Durangoko zainketa beharrak "sakon" aztertzeko diagnosi bat egingo du Udaleko Berdintasun Sailak. 2022an onartutako Udaleko III. Berdintasun Planaren barruan jasotako helburuetan kokatzen da diagnosia, eta udal arduradunek azpimarratu dutenez, "zaintza sistema eraginkorrago, bidezkoago eta herriko errealitatera egokituago baterantz aurrera egiteko funtsezko urratsa da".
Helburu nagusia bat da: Durangoko zainketen egungo egoerari buruzko ezagutza zehatza izatea, laguntza behar duten pertsonen eta zaintzaile profesionalen eta ez-profesionalen premiak barne. Udalak erronka eta gabezia nagusiak identifikatu nahi ditu, "herriko zainketa zerbitzuak hobetzeko neurri berriak hartzeko".
Diagnostiko parte hartzailea izango da, "Durangoko ahots eta errealitate guztiak" entzungo direla bermatuz. Horixe adierazi dute udal ordezkariek. Zaintzaile profesionalekin eta ez-profesionalekin, zerbitzu publikoetako arduradunekin eta zaintzak jasotzen dituzten pertsonekin, elkarrizketa sakonak egingo dira. Inkestak egingo dituzte kalean, "zainketen errealitatearen ikuspegi zabala" jasotzeko, eta, online betetzeko galdetegi bat prestatutako da.
Tokiko elkarte feministen laguntza izan du ekimenak. Proiektuaren xehetasunak partekatu zituen udalak haiekin, "kolektibo horiek zainketen arloan duten esperientzia eta ezagutza aitortuz, eta diagnostikoaren garapenerako funtsezko elementu gisa".