EHUk ikerketa abiatu du Durangon euskara eta elebitasunak adinean duen eragina aztertzeko

Anboto 2024ko aza. 11a, 08:00

Zahartze prozesuan, euskararen erabilerak eta elebitasunak gaitasun kognitiboetan nola eragiten duen aztertu gura dute. Datozen hilabeteetan egingo da ikerketa, Intxaurrondoko Oktogono zentroan, eta 60 urtetik gora pertsonen laguntza behar dute.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ikerketa berritzaile bat hasi du Durangon, euskararen erabilerak eta elebitasunak, zahartze prozesuan, gaitasun kognitiboetan nola eragiten duen aztertzeko. Kognizioa hirugarren adinean eta hizkuntza, bi arlo horien arteko harremanean sakondu gura duen ikerketa datozen hilabeteetan egingo da, Intxaurrondoko Oktogonoan.

Proiektua garatzeko 60 urtetik gorako pertsonen parte hartzea bultzatu gura dute udal arduradunek, "haien parte-hartzea funtsezkoa baita datu garrantzitsuak biltzeko". Boluntarioek ordubeteko banakako 2-4 saiotan parte hartuko dute; proba kognitiboak eta hizkuntza-jarduera errazak barnebilduko dituzten saioak. Ikerketak Durangoko Udalaren eta Berbaro elkartearen laguntza du.

Euskararen erabilera sustatzeko, elebitasuna aztertzeko eta zahartze osasungarria sustatzeko, Durangoko Udalak bultzatutako ekimen zabalago baten parte da EHUk egingo duen ikerketa hau. Ikerketan lagundu gura duten pertsonek online eskuragarri duten formulario baten bidez erregistratu daitezke. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak 20 euroko konpentsazioa jasoko du bere laguntzagatik.

EHUk ikerketan parte hartzera animatu ditu herritarrak. "Aukera paregabea da hizkuntzek zahartzeari nola eragiten dioten ulertzen laguntzeko, eta, aldi berean, Durangoko herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duen proiektu batean parte hartzeko", adierazi dutenez. Informazio gehiago jasotzeko 945 013 159 telefono zenbakira deitu daitekez, edo gogoelebiduna.partehartu@gmail.com helbide elektronikora idatzi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!