Larrinagatxuko bidea konpontzeko lanak hasiko dira gaur. Bidearen segurtasuna eta iraunkortasuna "bermatzeko" obratarako 39.600 euro aurrekontua du Durangoko Udalak.
Eguraldi txarrak eragozten ez badu hamar egun iraungo dute lanek, udal ordezkariek azaldu dutenez. Bidearen azpian dagoen euri-uren hodia berrituko dute inguruko euri-urak hobeto kudeatzeko, eta bideari eusten dion harrizko harri-lubeta indartuko dute, "azpiegituraren egonkortasuna eta erresistentzia areagotuz". Bidearen oinarria saneatu eta sendotuko da, eta lurpeko urak batu eta kudeatzeko drainatze-sistema bat instalatuko da "etorkizunean egituran hezetasun-arazoak prebenitzeko". Lanak iraun bitartean, bidea irekita egongo da, eta auzokoei aukera emango zaie zirkulatzeko, "betiere abiadura txikian, beren eta langileen segurtasuna bermatzeko", udal ordezkariek azaldu dutenez.