Intxaurrondoko Okotogonoan zenbait hobekuntza egingo ditu Durangoko Udalak. Bertan garatzen diren jardueretan eragin duten ur filtrazioak izan dira azken urteetan, eta egoera horri konponbide bat eman gura diote. Gaztegunea, Ludoteka eta Dukerami zeramika elkartea hartzen ditu eraikinak, eta erabilera anitzeko gela bat ere badago. Lanak azaroaren 18an hasiko dituzte, eguraldiak eragozten ez badu.
Eraikinaren estalkiko asfaltozko ohiala ordezkatuko da, 41.474 euroko aurrekontuarekin. Hormigoian teilatu-hegalaren
aurrealdeak eta behealdeak konponduko dira. Horretarako, ageriko hagatxoak kenduko dira, babes- eta erretxina-produktuak aplikatuko dira, eta, egungo gainazala saneatuko da. Gainera, mintz iragazgaitz hobetua instalatuko da, sabai-leihoetan kazoletak eta erremateak jarriko dira, eta ainguraketa-zutabea duen bizi-linea bat instalatuko da, etorkizuneko esku-hartzeetan segurtasuna bermatzeko. Aireztapen zuntz-zementuzko hodiak ere kenduko dira, eta estalkira ainguratutako PVCzko ukondoekin ordezkatuko dira. Ingukon S.L enpresak gauzatuko ditu lanak, bi hilabeteko epean. Eguraldiaren arabera garatuko dira lanak, euriak obren hasiera baldintzatuko dutelako, udal ordezkariek azaldu dutenez.