Durangaldeko etxebizitzak zelan daude Europak markaturiko deskarbonizazio helburuetatik?
Egoerari dagokionez, urruti gaude, eta helburuetara heltzeko planifikazioari erreparatzen badiogu, oraindino urrutiago. Aramotz berritzeko proiektua, esaterako, oso adibide ona da deskarbonizazio helburuen norabidean jartzen hasteko, baina, tamalez, kontuan hartu behar dugu administrazio publikoak oraingoz ez duela baliabiderik eredu hori auzo guztietara hedatzeko.
Aramotz ispilu modura erabili behar dugu?
Eredu bat zein izan daitekeen erakusten digu. Durangon horrelako zeozer egin izana gauza ederra da, baina denok jakitun gara horrek esfortzu ekonomiko bat eskatzen duela. Bizilagunek, besteak beste, dirua inbertitu behar izan dute. Bestalde, orokorrean, administrazioen partetik gai hauei osotasunean heltzeko plan baten falta igarri dut. Etxebizitza bat berritu gura badugu, ez dago plan estrategiko, kuantifikatu eta definitu bat hori zelan egin azaltzeko. Lurralde, nazio eta Europa mailan ez gabiltza gidalerro eta norabide berak partekatzen.
Badago estatistikarik? Gure etxebizitzak zelan daude lortu beharreko helburuei dagokienez?
Euskal Autonomia Erkidegoan, oraingoz, ez dago helburua lortzeko bidean ondo goazen ala txarto goazen markatzen duen adierazlerik. Ez da datu nahikorik jaso orain arte. Eta jarrera aldatu eta hau guzti hau hobekuntza eta inbertsio modura ulertzen hasi behar dugulakoan nago. Gure herrietako eta auzoetako kaleak oinezkoentzat egokitzen hasi ginenean ere izan ziren kexak. 'Non aparkatuko dut orain? Zelan ezin dudala etxeraino autoz joan?' Kasu honetan ere antzerako zeozer daukagu. Hau guzti hau inposizio modura ulertu barik, aukera modura ulertu behar dugu. Kontzientzia hartu eta iritzi publikoan eragiten hasi behar dugu, administrazioa mugitu eta elkarlanean aurrera egin dezagun.
Nazioartean badago eredu modura hartzeko moduko esperientziarik?
Adibideren bat edo beste egon badagoen arren, Europa, orokorrean, nahiko atzeratuta dabil alor honetan. Gauzak aldatzeko, zirriborroak ipini dira mahai gainean, baina erregai fosilen lobbyak boteretsuak dira. Aramotzeko adibidera joko dut berriro, hor administrazioak eta herritarrek bide bat egin dute-eta elkarlanean. Eguzki plakak ipini dituzte, eta, kaleko tenperatura erregulatzeko, adibidez, natura txertatu dute hiriko elementuetan. Ez dakit noiz ikusiko dugun berritze energetiko honen emaitza, baina esanguratsua iruditzen zait administrazioak eta herritarrek egindako elkarlana. Orain, hiri mailako zeozer barik, lurralde mailako zeozer behar dugu norabide komun bat izateko.
Gure kale eta auzoetan ohikoa izaten da etxebizitzen fatxadak berritzea. Esku hartze horiek deskarbonizazio helburuak lortzeko bidean ipintzen gaituzte?
1980 baino lehenago eraikitako etxebizitzetan esku hartze pasiboak egitea, hau da, teilatua isolatzea, leihoak aldatzea edo fatxada berritzea, onuragarria da, baina ez nahikoa. Ekintzok geroago egin beharreko pauso baten osagarri izan daitezke. Bigarren pauso hori gasa berotzeko sistema erregai fosiletatik elektrizitatera pasatzea da, hain zuzen ere. Alde horretatik, aerotermia sistema erabiltzea da aukerarik onuragarriena. Aerotermiak, labur esanda, etxe barrura sartzen du kanpoko beroa, nahiz eta kanpoan hotz egin. Elektrizitateagaz funtzionatzen du, eta hainbat ikuspegitatik hobetzen ditu etxeko konforta, ingurumen inpaktua eta ekonomia. Oso sistema efizientea da. Gainera, elektrizitate bidez funtzionatzen duenez eta elektrizitatea sortzeko geroago eta energia berriztagarri gehiago erabiltzen dugunez, joera horregaz gas isurketak gutxituko ditugu.
Ipini ditzagun adibideak. Durangoko etxeek, adibidez, zein bide egin beharko lukete deskarbonizazioaren bidean?
Durangoko Alde Zaharreko etxeak, adibidez, 1900. urtea baino lehenagokoak dira. Kasu horietan, teilatua, leihoak eta fatxada berritzea beharrezkoak izan daitezke, baina, lehen esan dudan moduan, benetan gomendagarriena gasa berotzeko sistema betiko galdaratik aerotermiara pasatzea da. San Fauston, adibidez, 1950eko hamarkadatik honako etxeak ditugu. Eta horietan Alde Zaharreko etxeekin aipaturikoa aplikatu dezakegu. Tabira aldean, ostera, 2000ko hamarkadan egindako etxebizitzak ditugu. Inguru horretan, fatxadako isolamendua konpontzen ikusi izan ditut. Esku hartze hori hezetasunak-eta konpontzeko bada, ondo dago, baina kontuan hartu behar dugu 1980tik honako etxebizitzetan, aparteko arazorik ez badago, fatxada isolatzeak ez duela hobekuntza nabarmenik eskaintzen. Hori argi eta garbi esango nuke. 90eko hamarkadako etxebizitza bategaz ez nuke fatxada ikuspegi energetikotik berritzeko hauturik egingo. Aerotermia instalatuko nuke, zuzenean.