Durangoko Udalak 2022ko martxoan eman zuen honako datuen berri. Udalerriko 1.400 etxebizitza baino gehiago hutsik daude, herriko etxebizitza guztien %10. Eta datua are eta zorrotzagoa da Alde Zaharrean, bertako bost etxebizitzatatik bat, %20, dago-eta bizilagunik barik. Estatistika horiek bat egiten dute higiezinen agentzien interpretazioan, etxe hutsok saldu edo alokatu ezinda ibiltzen dira eta. "Alde Zaharreko etxebizitzak aspaldikoak izan daitezkeen arren, hori ez da ezaugarririk garrantzitsuena. Kasu askotan, herentzia bati loturiko pisuak izaten dira. Eta bai propietatea pertsona askorena delako, edo baita sentimentalismoagaitik ere, etxe horietan inor ere ez da bizi izan urte askoan, eta, ondorioz, mantentze falta handia izaten dute. Luzaroan bere horretan utzitako etxeak izaten dira; azkenean, zaharberritu beharrekoak", azaldu du Nerea Uribek, Fernando Uribe higiezinen agentziako arduradunak.
Edozelan ere, Uribek argi utzi du zaharberritzeko premian dauden etxebizitzen eta eguneratze bat edo beste behar duten etxebizitzen arteko aldea. "Kontzeptu desberdinak dira eta jende askok nahastu egiten dituela uste dugu. Zaharberritzeko premian dagoen etxea bertara bizitzera sartu ezin daitekeen higiezina da. Hau da, nahitaezkoa izaten da etxea berritzea. Kasu hauek ez dira asko, %5-10 artean egon daitezke. Beste kontu bat etxebizitzari gaurkotze bat egitea da. Etxeak obra behar al du? Batzuentzat, bai; beste batzuentzat, ez. Izan ere, etxean dauden komun, ezkaratz edo altzariak ez gustatzeak ez du esan gura bertan bizi ezin daitekeenik. Norbanako bakoitzaren arabera, desberdina izaten da eskaera", azpimarratu du Uribek.
"Aldizkarietako etxebizitzak"
Azken urteotan joera berri bat antzeman dute Fernando Uribe higiezinen agentzian. "Sare sozialen eta kontsumitzen dugun iruditegiaren eraginez, askok aldizkarietan agertzen diren moduko etxeak gura izaten dituzte. Baina ezinezkoa izaten da lehenengo eskuko etxebizitza batek eskaintzen duena bigarren eskuko etxebizitza baten prezioan eskuratzea", argitu du Uribek. "Komuna berritu edo moldaketa puntual bat egitea nahiko arrunta izaten da, baina gertatu izan zaigu bizitzera sartzeko prest dauden etxeetan jabe berriek dena goitik behera aldatzea. Berez, etxeak ez du zaharberritzeko premiarik, baina askok beharrizan modura ikusten dute zaharberritze hori.
Prezioaren baldintza
Egoera baldintzatzen duen beste gai bat etxebizitzaren prezioa da, jakina. "Prezioak ez dira orain urte batzuetakoak. Koronabirusaren sasoian, hainbat etxe 50.000 euroan saldu genuen. San Fauston, adibidez, 60.000 euroren bueltan saldu genuen asko. Gaur egun, ostera, ez dira 100.000 eurotik jaisten. Merkatuak gora egin du, eta, oraingoz, ez du jaisteko itxurarik", aurreikusi dute.