Gaba Baltza ospatuko dute Durangon, herriko hainbat kultur eta gizarte eragilek antolatuta. Udalaren babesagaz osatutako egitaraua Arimen etorrerarekin hasiko da, 19:30ean. Tabirako elizatik abiatuko den kalejiran parte hartuko dute herriko gazte eta umeek, hildakoen egunagaz lotutako arropa eta maskarak jantzita. Kantuan eta gozokiak eskatuz egingo dute ibilbidea, Santa Ana elizaraino.
Pinondora bidea hartu aurretik, geldialdia egingo dute Santa Ana plazan, egunagaz lotutako kantuak abesteko. Eta, San Agustin eta Ezkurdi igaro ondoren, Andra Mari elizaraino helduko dira. Kriskitin dantza taldearen eta Karrika antzerki taldearen parte hartzeagaz, ikuskizun berezia prestatu dute 20:30erako.
Ibilbiderako bozgorailuak eta beste elementu batzuk garraiatzeko, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko ikasleek eraikitako bi egitura erabiliko dira, udal ordezkariek azaldu dutenez.
Izaera hezigarria
Durangoko Gaba Beltzak izaera ludikoa ez ezik, hezitzailea ere baduela azaldu dute udal ordezkariek. "Durangoko Hezkuntza Foroak bultzatutako ekimenaren barruan, Gaba Baltzak antzinako errituak berreskuratzea eta egungo testuingurura egokitzea du helburu, euskararen erabilera kultur baliabide gisa indartuz", nabarmendu dutenez. Horretarako hainbat elkartek eta ikastetxek elkarlanean jardun dute. Aldez aurretik, tailerrak eta jarduerak egin dituzte, gazteak ospakizun horretan inplikatzeko. Durangoko Udalak Gaba Baltzean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
Durangoko Hezkuntza Foroa, Berbaro, Kriskitin Dantza Taldea, Karrika Antzerki Taldea, Gerediaga elkartea, Jaizale Txistulari elkartea, Jesuitak Durango, San Antonio ikastetxea, Zabalarra eskola, Kurutziaga ikastola, Nevers ikastetxea, Landako eskola publikoa, Maristak ikastetxea, Ibaizabal ikastola, Fray Juan de Zumarraga institutua eta Durangoko Udala ari dira antolakuntza lanetan.