Durangon, Gaztegunea eta Ludoteka jarri dituzte martxan berriro

Anboto 2024ko urr. 28a, 08:30

Zapatu eta domeketan egongo dira zabalik bai Gaztegunea bai Ludoteka, "aisialdirako alternatiba" eskaintzeko helburuagaz. Izen-ematea doakoa da, lekua bete arte.

Durangoko Udalak berriro ere jarri ditu martxan Gaztegunea eta Ludoteka, adingabeen aisialdi-beharrei erantzun asmoz. "Aisialdi kontsumistarako alternatibak" eskaini gura ditu udalak, horretarako topaguneak sortuz. 

Bai Gaztegunea bai Ludoteka asteburuan zabalduko dituzte, Intxaurrondon: zapatuetan 17:00etatik 20:30era, eta, domeketan, 17:00etatik 20:00etara. Izen-ematea doakoa da, lekua bete arte.

Ludoteka 5-8 urteko gaztetxoentzako egongo da zabalik; Gaztegunea, berriz, 11 eta 16 urteko nerabeentzat. Udal arduradunen berbetan, "ingurune ludiko batean berdinen arteko harremanak sendotu nahi dira, familia eta lana bateragarri egiten lagundu, eta haurrek eta nerabeek jardueretan aktiboki parte hartzea sustatu". Gaineratu dutenez, aisialdiaz euskaraz gozatzeko eskubidea bermatzen da eta euskal kultura sustatu". Adingabe migratzaileen integrazioa laguntzen duela azpimarratu dute, eta behar bereziak dituztenei sarbidea erraztu.

Orain arte, astebururo, 20-25 haur eta gazte hurbildu dira eskainitako jardueretan parte hartzera, udal ordezkariek jakitera eman dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!