Durangoko jaiak

Durangoko Udalak sanfaustoen "oso balorazio positiboa" egin du

Anboto 2024ko urr. 23a, 14:43

Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak agerraldia egin dute udaletxean, gaur. Jaien "arrakasta handia" azpimarratu dute, herritarren parte hartzeari zein antolakuntzari dagokionez. 

Durangoko Udalak aurtengo sanfaustoen "oso balorazio positiboa" egin du. Jaiek "arrakasta handia" izan dutela nabarmendu dute Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak. Herritarren parte hartze "handia" eta auzoetako elkarteen "inplikazioa" aipatu dituzte, eta "jai giro seguruaz gozatzeko aukera eman duen antolakuntza bikaina" ere bai. Ildo horretan, istiluak "gutxitu" direla azpimarratu dute. 

Sanfaustoek batutako 160 ekitaldieek (kontzertuak, umeentzako ekintzak, jarduera gastronomikoak, dantzak, mozorro-kalejira, kirola...) milaka herritar erakarri dituztela azaldu dute Elkoroiribek eta Ruizek. "Nabarmena izan da parte hartzea 'Zezenak dira' ekitaldian, eta hunkigarria izan zen Jon Sarobek Aritz Lasargureni lekukoa eman zion momentua". Vanesa Goikoetxeak txupinazoa jaurti zuen momentua ere aipatu dute. Auzoetako elkarteek "funtsezko" zeregina izan dutela nabarmendu dute. "Horien lankidetza erabakigarria izan da herriko hainbat tokitan jarduerak garatzeko", esan dute.

Salaketa gutxiago

Jai "seguruak" izan direla adierazi dute. Salaketak %34 jaitsi direla esan du alkatea, eta lapurretak %41. "Gainera, ez da indarkeriaz edo indarrez egindako lapurretarik erresgistratu; Besarkada solidarioa izenagaz ezaguna den lapurreta bat bakarrik". Bestalde, 25 esku-hartze izan dira, mozkortuta, egoera txarrean edo bide publikoan erorita zeuden pertsonekin lotuta. Puntu Moreko 24 orduko telefono zerbitzuak ez du deirik erregistratu. Azaldu dutenez, "agintariek berehala esku hartu zuten adingabeen arteko ukitu-gertakari isolatu batean, biktimaren babesa ziurtatuz eta egoera modu eraginkorrean kudeatuz." Ertzantzan salaketa jarri zuela argitu dute.

Ostalaritza jardueragatik ez da inolako kexarik jaso. Bai ordea Mozorro Eguneko karrozen musikak Alde Zaharrean eragindako eragozpenengatik. "Ez ditugu karrozak debekatuko, baina bai ondo pasatzea bai deskantsua ahalbidetze aldera, gaia landu beharko dugu", esan du alkateak.

Jaieta garbitasuna mantentzeko egindako lana nabarmendu dute udal arduradunek, eta garraio publikoaren erabilera "eraginkorra" gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!