Sanfaustoetako lehen asteburuko parte hartze "handia" nabarmendu du udalak

Anboto 2024ko urr. 15a, 15:26

Sanfaustoetako txupinazoaren irudi bat (Argazkia: Unai Olaso)

Durangoko Udalak San Fausto jaietako lehen asteburuaren balorazio "positiboa" egin du. Ekitaldi guztietan parte hartzea "handia" izan dela azpimarratu dute, eta ez dela gertakari aipagarririk egon. 

Durangoko sanfaustoetako lehen asteburua igarota, udalak balorazio "positiboa" egin du. Egun hauetako parte hartzea "handia" nabarmendu dute udal arduradunek; sortutako jai-giroa eta gertakari aipagarririk egon ez izana ere azpimarratu dute. Jai egitarauak "arraskata" handia izan duela gaineratu dute.

Udaletxeko balkoitik jaurtitako txupinazoa "jendetza" batu zuen, eta antolatutako kontzertuek milaka lagun bildu zituzten. Shinova taldearen emanaldia ikusteko 6.000 lagunetik gora hurbildu ziren Ezkurdira; eta, Puro Relajo taldeak, "adin guztietako 3.000 lagunetik gora erakarri zitue". Haizea Arrosa taldeak eta DJ Markelinek osatu dute musika eskaintza.

Mañaria errekaren jaitsierak, lehiaketa gastronomikoek eta kultura- eta familia jarduerek izandako parte hartzea ere nabarmendu dute udal arduradunek. "Adineko pertsonentzako bazkari herrikoiak errekorra hautsi zuen. Gainera, zezen-plazak edukiera osoa izan zuen programatutako bi jardunaldietan". Gurutze Gorriaren lana eskertu du udalak.

9 pertsona artatu zituzten

Udaltzaingoak 9 pertsona artatu zituen, urriaren 11tik 14ra bitartean. Horrez gain, 9 telefono mugikorren eta diru-zorro baten lapurreta erresgitratu ziren; ibilgailuetan izandako kalteengatik bi salaketa eta droga edukitzeagatiko beste bat ere bai.

Jaietako zinegotzi Jesica Ruizen berbetan, "oso eskertuta gaude herritar guztien jarrera errespetuzkoagatik. Jardueretara jende asko joan da, arlo g guztietan oso positiboa izan da erantzuna". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!