Udaberritik martxan da berriz ere Durangoko Euskara Kontseilua. Herriko hainbat eragile batzen ditu (kirol elkarte eta mugimenduak, ikastetxeetako ordezkariak, kultur elkarteak, udaleko langile eta ordezkari politikoak…), eta AROA, Durangorako Euskara Plana (2025-2029) garatzeko ardura izango du. Urriaren 10ean eman dio aurtengo ibilbideari amaiera Euskara Kontseiluak, eta sanfaustoak ate joka direla probestuta, sanfaustoak euskaraz bizitzeko gonbita luzatu die herritarrei.
Aurten bost bider elkartu da Durangoko Euskara Kontseilua, eta AROA plana garatzeko lanketa eta hausnarketak egitea izan du eginkizun nagusia.
Datozen urteetan euskararen inguruan herrian egingo dren ekintzak eta jarraituko diren gidalerroak batzen ditu Durangorako Euskara Planak. Helburua da "testuinguru eleaniztunean euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko asmoz", kontseiluko kideek azaldu dutenez. Besteak beste, etorkinentzako AISA euskara ikastaroak, eta, merkatari eta ostalariek errotuluak, webguneak eta sare sozialak euskaratzeko dirulaguntzak biltzen ditu. Planak udaleko ordezkarien oniritzia jaso beharko du datozen asteetan.
AROA marko estrategikoa onartu du aurten Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera indarberritzen jarraitzeko, tokiko administrazio guztientzat baliagarria dena. Orain arte, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) egon da indarrean, 2012-2022 bitartean.