Durangoko Txosna Batzordeak udalak ezarritako ordutegi "lotsagarriak" salatu ditu

Anboto 2024ko urr. 9a, 14:23

Udalak Txosnagunea 04:30etan ixtera "behartu" gura duela salatu du  irabazi asmorik gabeko 14 eragilek osatutako Txosna Batzordeak. "Inposatu" nahi zaien ordutegia "aitzakia tekniko eta juridikoekin mozorrotutako erabaki politikoa" dela kritikatu dute, "EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak hartutako erabakia".

Durangoko sanfaustoak ate joka diren honetan, Durangoko Txosna Batzordeak udalak ezarritako ordutegi "lotsagarriak" salatu ditu. Irabazi asmorik gabeko 14 eragilek osatutako batzordeak kritikatu duenez, "inposatu" nahi zaien ordutegia "aitzakia tekniko eta juridikoekin mozorrotutako erabaki politikoa" da, "EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak hartutako erabakia". Txosna Batzordeak sare sozialen bitartez jakin arazi dutenez, txosnak 04:30ean ixtera "behartu" gura ditu udalak.

Ordutegia luzatzeko hainbat arrazoi nabarmendu ditu Txosna Batzordeak. "Txosnaguneko eragile bakoitzak urte osoko ekarpena egiten die durangarrei, eta horietako askoren finantzazio iturri bakarra dira txosnak. Iturri hori mugatzeak eragileen ekarpena mugatuko du zuzenean". Bestalde, behin txosnak itxita, Durangon parrandan jarraitzeko aukerak "oso mugatuak " direla adierazi dute, "Jendea baimen berezia duten tabernen sarreretan pilatzen da, noraezean", gaineratu dutenez. Hartara, Durangoko jaiek "erakargarritasuna galtzen " ari dela diote. "Parrandan jarraitzeko ganorazko espazioen faltak , egoera biolento eta arriskutsuak sortzeko aukera handitzen du", Txosna Batzordearen berbetan. "Uste dugu guztion ongizaterako eta bereziki kolektibo zaurgarrienen segurtasunerako hobe dela txosnagunea zabalik mantentzea".

Txosna Batzordetik azaldu dutenez, " egoera konpontzeko udalarekin batu garen arren, gure eskariei entzungor egon diete behin baino gehiagotan". Bada, "eskubide politikoen aurkako eraso honen aurrean Pantxike ez da besoak guratzatuta geratuko, ezta gu ere, eta dei egiten diegu durangarrei antolatutako egitarau oparoan nahieran parte hartzera".

"Bestelako jai eredu bat sortu nahian"

Txosna Batzordea osatzen duten eragileek gogoratu dute era boluntarioan egiten dutela lan, "bestelako jai eredu bat sortu nahian, denontzako gozagarri". Horrela, "herriko jaietan funtsezkoa den espazioa" sortuz. "Durangar askorentzat jaiak ez lirateke jai txosnarik gabe", nabarmendu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!