"Hizkuntza larrialdiari" aurre egiteko manifestazioa deitu du EHEk

Anboto 2024ko urr. 8a, 20:00

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) manifestazio nazionalerako deia egin du, gaur, Durangon. Abenduaren 7an abiatuko da, 18:00etan, Landako Gunetik.

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) mobilizatzera deitu ditu euskaltzaleak, "Euskararen Errepublika eraikitzeko premia inoiz baino agerikoagoa" dela ulertuta. "Hizkuntza larrialdiaren aurrean" dagoela ohartarazi dute. "Euskarak, euskaldunak, urteak daramatzagu ez atzera ez aurrera. Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako eta gure komunitatearentzako osasun beteko egoera. Baina oraindik urrun gaude. Jada ez da ikuspegi kontua, sendo frogatuta dago eta kontzientzi hartu behar dugu". Horren aurrean, manifestazioa nazionala egingo dute Durangon, abenduaren 7an, Landako Gunetik abiatuta. 

EHEk nabarmendu duenez, "euskararen aurkako  erasoaldi bat, oldarri bat bizi dugu, epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik, eta hainbat sindikatu eta alderdiren diskurtsoetatik. Aurrera egindako bidea atzerarazi nahi dute". Oldarri hori "olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren baitan" kokatu du EHEk. Horren aurrean nabarmendu dutenez, "Euskal Herri euskalduna lortuko badugu, beharrezkoa da euskara ardatz duen independentzia lortzea: Euskararen Errepublika eraikitzea". 

Herri euskaldun eta burujabe bat aldarrikatu du EHEk. "Aske zentzu guztietan. Horregaitik, bide hori egin gura duten mugimendu eta borroka guzti horiekin batera eraikiko dugu burujabetza. Ez gara zerotik hasten, asko da jada egin dena, beraz, gauden tokitik abiatuta eta aurrekoek egindako bidetik ikasiz, egin dezagun burujabetzarako bide hori, egunerokoan, intsumisiotik eta antolatuta".

Faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko "fronte euskaltzalea" ikusarazteko egingo dute manifestazioa, "hizkuntza larrialdiaren aurrean, Euskararen Errepublika eraikitzea beharrezkoa dela aldarrikatzeko".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!