“Ez dago fentaniloak erangindako intoxikazioarekin lotutako salaketarik”

Anboto 2024ko urr. 8a, 17:00

Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak gezurtatu egin dituzte fentanilo bidezko intoxikazioei buruz azken egunetan zabaldutako mezuak. Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jon Guajardo Barrualde-Galdakao ESIko kudeatzaileak egindako urgentziazko agerraldian, egiazkoak ez diren mezuak ez zabaltzea duen garrantzia azpimarratu dute. 

Atzo esandakoa berretsi dute: Durangon ez da fentanilo bidezko intoxikaziorik erregistratu ez salatu. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak baieztatu dute ez dutela salaketarik jaso, eta Osakidetzak berretsi du ez duela fentanilo-kontsumo kasurik artatu.

“Ostalaritza-establezimenduetan pertsonak drogatzeko fentaniloa erabili dela aipatzen duen mezua faltsua da, eta herritarren artean alarma eta nahasmena sortzea du helburu”, Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jon Guajardo Barrualde-Galdakao ESIko kudeatzaileak azpimarratu dutenez. Era berean argitu dute, mezu biralean aipatutako kasua, Landakoko EAGn aztertu dena, ez dagokiola urriaren 4ko asteburuari, irailaren 28-29koari baizik. "Durangoko EAGren eta Galdakaoko Ospitalearen datuak aztertu ondoren, egiaztatu da ez zela egon bere borondatez edo nahi gabe fentaniloa kontsumitu zuen pazienterik, ezta ahoratze horrekin bateragarria den sintomatologiarik zuen pazienterik ere. Beraz, ez zen beharrezkotzat jo analisi toxikologiko bat egitea", nabarmendu dutenez. 

Durangoko alkateak egiaztatu gabeko mezuak ez zabaltzeak duen garrantzia nabarmendu du,  "herritargoan kezka handia sor dezaketelako". Ildo horretan, Elkoroiribek gogoratu du edozein zalantza edo susmo egoera baten aurrean artatzeko protokoloak daudela Osakidetzan, Ertzaintzan eta Udaltzaingoan, eta kanal horiek erabiltzera dei egin die herritarrei.

Arduraz jokatzeko deia

Durangoko San Faustoak hastear direla-eta Elkoroiribek arduraz jokatzera deitu du. "Garrantzitsua da gogoraraztea drogen kontsumoak oso ondorio larriak eragin ditzakela osasunean. Arrisku horietaz jabetu, eta substantzia toxikorik ez hartzeko eskatzen dugu udaletik, eta norberaren edari edo kontsumizioekin kontuz ibiltzeko".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!