Durangoko ertzain etxea berrituko du Jaurlaritzako Segurtasun Sailak

Anboto 2024ko urr. 9a, 10:09

Mireia Elkoroiribe alkatea Bingen Zupiria Segurtasun sailburuagaz batzartu da, udalaren eta Jaurlaritzaren Segurtasun sailaren arteko lankidetzan aurrerapausoak emateko. Ertzaintzaren eta Durangoko Udaltzaingoaren
arteko lankidetza-protokoloaren eguneratzea aztertu dute batzar horretan,  Ertzaintzaren Durangoko ertzain-etxea berrituko dela iragarri dute.

Segurtasun arloan lankidetza "indartu" dute Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Mireia Elkoroiribe alkatea eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburua Durangon batzartu dira, bi administrazioen arteko lankidetzan aurrerapausoak emateko. Batzar horretan, "durangarren segurtasuna eta ongizatea hobetzeko" akordio bi lotu dituzte ditu. Batetik, Ertzaintzaren eta Durangoko Udaltzaingoaren arteko lankidetza-protokoloa eguneratzea adostu dute; 2021etik berrikusi gabe zegoen, azaldu dutenez. Bestetik, Durangoko ertzain etxea berrituko dela iragarri dute. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bultzatutako Azpiegiturak Berritzeko Planaren barruan gauzatuko dira lan horiek.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza-protokoloari dagokionez, lortutako akordioak bi erakunden arteko komunikazioa eta koordinazioa "indartzea" du helburu, herritarren segurtasunari eragiten dion edozein egoeraren aurrean erantzun "eraginkorragoa" eta "azkarragoa" bermatuz. Mireia Elkaroiribe alkatearen berbetan, "segurtasuna funtsezkoa da Durangon elkarbizitza lasaia bermatzeko, eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza hobetzea funtsezkoa da hori lortzeko".

Bestalde, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak azaldu duenez, ertzain etxea berritu ondoren,  Ertzaintzak instalazio "aurreratuagoak" izango ditu, "bere eginkizunak hobeto betetzeko eta
herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko". Segurtasun Sailak bultzatutako Azpiegiturak Berritzeko Planaz baliatuko den lehen udalerrietako bat izango da Durango.

Josune Escota Segurtasun Saileko Antolakuntza buruak eta Igor Zenarruzabeitia Durangoko Udaltzaingoko buruak ere parte hartu dute batzarrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!