Garbitasun zerbitzua eta segurtasun neurriak indartuko dituzte sanfaustoetan

Anboto 2024ko urr. 7a, 11:53

Durangoko Udalak jakin eragin duenez, sanfaustoetan garbiketa zerbitzua indartuko dute eta polizia-patruilak gehituko dira, "jaietan segurtasuna eta gozamena bermatzeko". Ekitaldi jendetsuetan edukiera zorrotz kontrolatuko du udalak, eta trafikoa murriztuko du, "ospakizunetan ordena ziurtatzeko". Txupinazoan, 6.000 laguntzeko lekua egongo da.

Durangoko San Fausto jaiak hasiko dira barikuan, eta udalak neurri bereziak hartuko dituela iragarri du. Segurtasun-neurriak eta garbiketa-zerbitzua indartuko dituztela jakinarazi dute udal arduradunek. Aurten ere, edukieren kontrolean eta ekitaldi jendetsuenetako gertakarien prebentzioan arreta berezia jarriko dela gaineratu dute.

Garbiketa zerbitzua bereziki intentsiboa izango da urriaren 11n, 12an, 13an, 14an, 19an eta 20an.
Horretarako, 38 pertsonako lantaldea egongo da, hiru lan-txandatan banatuta. Udal arduradunek zehaztu dutenez, lau kamioi baldeatzailek (bakoitzak bi langile izango ditu), sei kale-garbigailu automatikok, askotariko funtzioak dituzten 15 langilek eta hondakinak biltzeko bost kamioik osatuko dute ekipoa. Langile horiek goizeko (06: 00-13: 00), arratsaldeko (13: 30-20: 30) eta gaueko (19: 30-02:30) txandetan lan egingo dute,  "jende gehien ibiltzen den lekuetan garbitasuna mantentzeko", nabarmendu dutenez. Gainera, 22 komun publiko jarriko dira udalerriko hainbat kokapen estrategikotan.

Segurtasuna

Udaltzaingoaren patruilen kopurua gehituko da, jaietan. Bi asteburuetan, gaueko eta goizeko txandetan, sei patruilak lan egingo dute. Gainera, udal ordezkariek azaldu dutenez, arma zurien gaineko kontrolak egingo dira; baita adingabeei alkohola saltzearen gainekoak eta bide publikoan alkohola kontsumitzearen gaineko kontrolak ere. Zaintza-gailu bereziak ezarriko dira tren- eta autobus-geltokietan, jende gehien biltzen den uneetan. Eta, alkoholemia-kontrolak eta prebentzio-patruilak egingo dira, Ertzaintzarekin koordinatuta, lapurreta-delituak eta sexu-indarkeria prebenitzeko.

Jaiei hasiera ematen dion txupinazoan, 6.000 lagun laguntzeko lekua egongo da. Eta sartu ezin direnek Santa Ana plazan jarritako pantaila erraldoi baten bidez jarraitu ahal izango dute ekitaldia. Gainera, ekitaldia zuzenean emango da Durangoko Udalaren YouTube kanalean.

Trafikoa eta 'Zezenak dira'

Urriaren 9tik 23ra bitartean, Zumalakarregi kaleko trafikoa mugatuta egongo da ibilgailu motordunentzat, udal arduradunek azaldu dutenez. Inguruan garajea duten bizilagunak Montevideo kaletik sartu beharko dira. Gainera, zamalanetarako gune berriak ezarriko dira, eta hondakinen edukiontziak aldi baterako birkokatuko dira.

Bestalde, 'Zezenak dira' ekitaldian harmainetarako sarbidea kontrolatuko dela jakin arazi dute udaletik. 143 leku egongo dira eta 16 urtetik beherakoak bakarrik sartu ahal izango dira, heldu batek lagunduta. Sartzeko tiket bat eskuratu beharko da Arte eta Historia Museoan, egun bat lehenago.

Ordutegi bereziak

Durangoko Udalak garraio publikoa erabiltzera dei egin du. Bizkaibusek eta Euskotrenek ordutegi bereziak eskainiko dituzte jaietan, Durangorako sarbidea errazteko. Durango eta Elorrio arteko garraioa errazteko Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu gehigarriak jarriko dituztela jakinarazi du udalak.

Urriaren 11n eta 18an, orduro irtengo dira autobusak Elorriotik Durangora, 23:10etik 05:10era; Durangotik Elorriora, berriz, 23:45etik 05:45era. Urriaren 12an eta 19an, bestalde, 00:10etik 05:10era, egongo dira orduro autobusak Elorriotik Durangora; Durangotik, berriz, 00:45etik 05:45era irtengo dira, orduro. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!