Durangoko Udalak herriko zainketa beharrak aztertzeko diagnosia abiatu du, Berdintasun Sailaren bitartez. 2022ko martxoan onartutako III. Berdintasun Planean jasotako helburuekin bat dator diagnosi hori, eta "funtsezko urratsa da zaintza sistema eraginkorrago eta bidezkoago baterantz aurrera egiteko", udal ordezkariek ohar batean azaldu dutenez.
Herrian zainketen egoera "modu sakonean" ezagutzea da helburua, "zainketak behar dituzten pertsonen beharrak eta zaintzaile profesionalen eta ez-profesionalen eskaerak landuz", argitu dutenez. Diagnosi hori, identifikatutako beharrei erantzuteko eta zainketekin lotutako zerbitzuak hobetzeko neurriak ezartzeko abiapuntu izango da; beti ere, udal eskumenen barruan.
Diagnosia hiru hilabeteko epean garatuko da. Denbora horretan elkarrizketa sakonak egingo zaizkie zaintzaile profesional eta ez-profesionalei, zerbitzu publikoetako arduradunei eta zainketa-beharrak dituzten pertsonei. Horrez gain, kalean inkestak egingo dira eta online galdetegi bat prestatutako da, interesa duten pertsonen parte-hartzea errazteko eta haien iritziak ezagutzeko. Horrela azaldu dute udal ordezkariek. Bestalde, tokiko elkarte feministekin bilera bat egingo dutela aurreratu dute, "proiektuaren xehetasunak eta formatua azaltzeko, eta zainketen arloan duten esperientzia eta ezagutza diagnostiko hori garatzeko funtsezko elementu gisa aitortzeko".
Herritarren parte hartzea
Herritarren inplikazioaren garrantzia nabarmendu dute udal arduradunek. Bada, prozesuan parte hartzeko dei zabala egin dute. Horretarako batzar irekia antolatu dute urriaren 7rako. Elkartegian izango da 18:00etatik 20:00etara. "Izan ere, diagnostikoaren helburua ez da soilik datuak biltzea, elkarrekin hausnartzeko gune bat ere sortu gura da, Durangok zaintzaren arloan dituen benetako beharretara egokitutako konponbideak diseinatu ahal izateko", oharrean nabarmendu dutenez.
Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziaren berbetan, "zaintza Durangoko pertsona askoren bizitzan eragiten duen funtsezko alderdia da. Udal-politikek zaintzen dutenen eta zaintza behar dutenen errealitateari erantzutea nahi dugu. Horregatik, herritarrek diagnostiko honetan aktiboki parte hartzea ezinbestekoa da, zaintza-sistema bidezkoago eta eskuragarriago baterantz aurrera egin ahal izateko".