Urki-Hegoaldeko errepidea eraikitzeko lanak aurten amaitu gura ditu Durangoko Udalak. Hartara, urtea amaitu baino lehen erabiltzeko prest egotea aurreikusi dute. "Herriko mugikortasuna hobetzeko eta trafiko arintzeko azpiegitura funtsezkoa" izango da errepide berria, udal arduradunen berbetan.
Errepidea eraikitzeko lanen barruan, galibo-kontrol bi jartzen hasi dira, orain. Trafikoa arautzeko eta tonaje handiko ibilgailuak mugatzeko balioko dute galibo-kontrol horiek. "Hiri-ingurunea babestea eta kamioi astunek tokiko bide-azpiegituretan duten eragina minimizatzea da helburua, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko", udal arduradunen berbetan. Cerramientos y Prefabricados Norte S.A. enpresak du lan horien ardura, ia 18.000 euroko aurrekontuagaz. Lanak urrian amaitzea aurreikusi dute.
Errepide berriak "zirkulazio eraginkorragoa eta seguruagoa" lortzen lagunduko duela uste dute udal arduradunek. Herrigunea eta Eguzkitzako industrigunea lotuko ditu errepide horrek.