Durangoko Udal Euskaltegiak instalazio berriekin abiatu du ikasturtea

Anboto 2024ko urr. 1a, 18:11

Udaleko eta euskaltegiko arduradunak.

Durangoko Udal Euskaltegian 245 pertsonek eman dute izena, ikasturte berrirako;  iazko ikasturtean baino 70 ikasle gehiago hartuko ditu euskaltegiak.

Durangoko Udal Euskaltegia Murueta Torre eraikinean dago, joan zen irailaren 2tik. Euskara azterketa ofizialak prestatzeko udako ikastaro trinkoekin ekin zion jardunari, 45 ikaslerekin. Gaur 2024-2025 ikasturte berria abiatu dute. Guztira, 245 ikaslek eman dute izena ikasturte honetarako, iaz baino 70 gehiagok. Oraindik zabalik dago izena emateko epea.

"Modernoa eta irisgarria den gune berriak, euskara irakasteko ingurune egokia eskaintzen du,
eta oso pozik hartu dute ikasleek eta irakasleek", udal ordezkariek azaldu dutenez. "Euskaltegiko taldea apurka-apurka egokitzen ari da eraikin berrira, eta trantsizioak doikuntza batzuk dakartzan arren, eguneroko lana eta instalazio berriak modu eraginkorrean uztartzen ari dira", gaineratu dutenez.

1660ko eraikina du egoitza berria Udal Euskaltegiak. Eraikina birmoldatzeko proiektua 651.800 euroko inbertsioa eskatu du —211.748,40 euro Europar Batasuneko Next Generation Funtsetatik etorri da—.

Paule Sanchez Euskara zinegotzi eta Euskaltegiko lehendakariaren berbetan, "instalazio berrituen irekierak aro berri bat markatzen du Durangoko Euskaltegiarentzat. Eraikin historiko hau kontu handi egokitu da, modernoa eta irisgarria izateko,  eta, euskara eta euskal kultura sustatzeko dugun konpromiso irmoa islatzen du". Gaineratu duenez, "udaletik eta Euskaltegiko lantaldetik lanean jarraituko dugu hizkuntza ikastea pertsona guztientzat eskuragarria eta kalitatezkoa izan dadin". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!