Durangoko Udalak eta Udaltzaingoak segurtasunagaz lotutako urteko bigarren lauhilekoan batutako datuak jakinarazi dituzte. Azaldu dutenez, delitu eta istripuen "beheranzko joera" eman da, "segurtasunaren hobekuntza nabarmena" erakutsiz. Urteko lehen lauhilekoan baino esku hartze gutxiago egin ditu udaltzaingoak. Hala ere, 2023ko aldi berearekin alderatuta, 56 esku hartze gehiago egin dituzte.
Igor Zenarruzabeitia udaltzainburuak azaldu duenez, 2024ko bigarren lauhilekoan 100 salaketa ipini dira, lehen lauhilekoan baino 58 gutxiago; eta 2023ko aldi berean baino 72 gutxiago. Gainera, bide-segurtasunagaz lotutako delituek "etengabe" egin dute behera. Urteko bigarren lauhilekoan lau delitu gertatu dira; aurreko lauhilekoan baino hiru gutxiago, eta, iazko aldi berean baino bi gutxiago. Gainera, alkoholemiagatiko eta droga-kontsumoagatiko arau-ahusteak ere behera egin dutela esan du Zenarruzabeitiak: hiru kasu izan dira; lehen lauhilekoan, bost.
Lapurretak behera egin dute
Urteko bigarren lauhilekoan 38 ebasketa erregistratu dira —aurrekoan, 66 izan ziren—. Eta, iazko aldi berean, 52 izan ziren. "Hobekuntza argia" da, udaltzainburuaren berbetan. Era berean, urteko lehen lauhilekoan 15 lapurreta izatetik bigarrenean 9 izatera igaro direla esan du. Telefono mugikorrak lapurtu zituzten 9 kasutan, eta zorroak beste 14 kasutan. Gaineratu du, azken lauhilekoan, bost bizikleta lapurtu dituztela. Zenarruabeitia Besarkada solidarioa izeneko lapurreta amarruagaz bereziki arduratuta azaldu da.
Bestalde, kalte-delituak egonkor mantendu dira aurten —16 kasu eman dira—, baina 2023ko urteko bigarren lauhilekoan 32 kasu izan zirela gogoratu du Zenarruzabeitriak. Iruzurrak, bestalde, asko jaitsi dira. Sei kasu egon dira urteko bigarren lauhilekoan —iazko aldi berean 16 izan ziren—; eta, aurtengo lehen lauhilekoan 17.
Aurtengo bigarren lauhilekoan 9 istripu egon dira; sei, zaurituekin. Eta, inputatuen nabarmen jaitsi da. Urteko lehen lauhilekoan 28 inputatu egon ziren eta bigarrenean 9 —iazko bigarren lauhilekoan 26 izan ziren—. Herritarren kexa kopurua, aldiz, asko igo da. Urtarriletik abuztura, 432 kexa jaso ditu udaltzaingoak. Trafikoagaz (93), animaliekin (79) eta ostalaritzagaz (69) lotutako kexak izan dira.
"Durango seguruagoa"
Udaleko Antolakuntza batzordeburuaren berbetan, "segurtasunaren hobekuntzan" aurrerapen nabarmenak eman dira. "Hainbat delitu-adierazletan beheranzko joera dago, eta horrek erakusten du ezarritako neurriek fruituak ematen ari direla. Istripuen eta salaketen kopuruak behera egin duela ikusteak, erakusten du Durango seguruagoa eta ordenatuagoa lortzeko bidean gaudela". Hala ere, kexek gorakadak zenbait arlotan lanean jarraitu behar dela erakusten dutela gaineratu du.
Mireia Elkoroiribe alkateak, bestalde, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlana azpimarratu du. "Horrek posible egiten baitu Durangon gure segurtasuna eta ongizatea hobetzen jarraitzea". Bai Escotak bai Elkoroiribek herritarren laguntza eskertu eta nabarmendu dute. "Funtsezkoa da herritarren laguntza eta orain arte moduan jarraitzera animatzen ditugu".
Sanfaustoei begira
Sanfaustoei begira "errefortzu garrantzitsua" egongo dela adierazi du Durangoko Udaltzainburuak. Urriaren 11tik 14ra eta urriaren 18tik 19ra, errelebo bakoitzean 12 udaltzain egongo direla iragarri du. Ertzaintzarekin elkarlanean jardungo dute lanean. Bestalde, Josune Escota Antolakuntza batzordeburuak azaldu du, biolentzia matxistagaz lotutako delituekin jarduteko formazio berezia jasoko dutela udaltzainek. Era berean, gaineratu du eraso sexualen aurrean nola jokatu lantzeko udal teknikariekien lanean daudela.