Herriaren Eskubideak psikobonu kopurua handitzea eskatu du

Anboto 2024ko ira. 18a, 12:23

Aurten zirkulazioan ipinitako 2.222 bonuak agortu egin direla eta, txartel kopurua urte amaierara arte handitzea eskatu dio talde independenteak gobernu taldeari.

Talde independenteak ohar bidez azaldu duenez, gobernu taldeak 100.000 euroko partida onartu zuen 2024rako, "2023an sei hilabeterako onartu zen antzekoa, eta ez da nahikoa izan". Hori dela eta Herriaren Eskubideak bonu erabilgarrien kopurua handitzea eskatu du, zerbitzuak urte osoan eskaini ahal izateko. 

Era berean, bonuen erabilera adin tarte guztietara zabaltzea eskatu dute, "baliabide gutxien duten familiek ere laguntza eskatzeko aukera izan dezaten". Jorge Varela bozeramaileak azpimarratu duenez, "gaur egun oso zaila da Osakidetzatik laguntza psikologikoa jasotzea. Horretarako aukera dutenek pribatuan bilatzen dituzte konponbideak. Hala, laguntza psikologikoa pribilegio bihurtu da, eskubide izan beharrean. Horregatik, bonuak zabaldu nahi dizkiegu Durangoko pertsona guztiei, Osakidetzak zerbitzua behar bezala betetzeko behar diren profesionalak jarri arte".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!