Durangoko udalbatzak partaide berriak izango ditu bihar egitekoa den osoko bilkuratik aurrera. Orain arte zinegotzi lanetan egondako kidek karguak utziko dituzte, kide berriei bidea egiteko. Kargua utziko dutenak honako hauek dira: Mikel Ortega eta Jon Sergio jeltzaleak eta Jose Angel Orbegozo sozialista. Udalbatzara batuko diren kide berriak, berriz, honako hauek izango dira: EAJko Julene Zamalloa eta Iker Txertudi eta PSE-EEko Sheila Gonzalez.
Doazenak
Jon Sergio 2019an sartu zen Durangoko udalbatzan. Astarloa Kulturgintzako presidente izan da eta udaleko kulur sailean eragin du urte hauetan guztietan. Kargua "une egokian" utzi duela iritzi dio, "datozen urteetan beste pertsona batzuek proiektu horiek gauzatu ahal izateko eta Durango merezi duen lekuan jartzeko".
Mikel Ortegak lan arrazoiengatik egin dio uko karguari. 2020ko ekainean batu zen udalbatzara eta kirol arloan egin du lan. "Nire egungo lanpostuak dedikazio handiagoa eskatzen dit, eta horrek ia ezinezkoa egiten du kirol zinegotzi eta Durango Kirolak-eko presidente izaten jarraitzea. Kirola arlo estrategikoa da egungo gobernu-taldearentzat, eta, horregatik, garrantzitsua da pertsona batek alor honi arreta handiagoa eman ahal izatea", azaldu du Ortegak.
Jose Angel Orbegozok "arrazoi pertsonalak" direla-eta utziko du kargua. Iazko urte hasieran sartu zen Durangoko Udalbatzara, Fernando Castillo alderdikidearen ordezko modura.
Datozenak
Julene Zamalloak "ilusioz gainezka" ekingo dio ibilbideari. Turismoan eta Nazioarteko Hotel Administrazioan graduatua da, eta Bizkaiko Foru Aldundian egiten du lan. Aurrerantzean Durangoko Lurralde Eremuko zinegotzi karguagaz bateratuko du bere ogibidea. Durangok "bizitzeko, lan egiteko edo bisitatzeko duen erakargarritasuna indartzen" eragin gura du.
Iker Txertudik "ohorez eta erantzunkizunez" hartuko du kargua. Negozio Kudeaketan graduatua da eta Kirol Berrikuntzari loturiko graduondokoa du egina. Bera izango da udaleko kirol sailaren arduradun berria, eta, horrenbestez, Durango Kirolak entitateko buru.
Sheila Gonzalezek "errespetuz eta arduraz" ekingo dio ibilibideari. Ikus-entzunezkoen errealizazioan eta postprodukzioan eskolatua da. Gaur egun administrari modura egiten du lan. "Durangoko kultur bizimodura lotuta egon izan naiz, egiazko kulturartekotasuna lortzeko aletxoak jartzen", adierazi du.