Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Araudia betez, Durangoko Udalak Tabirako igerilekuetan Udaltzaingoaren presentzia indartzea erabaki du jende gehien batzen den egunetan, prentsa oharrean azaldu dutenez. Erabiltzaileen, instalazioen eta edukieraren segurtasuna bermatzeko ezarri da neurri hori.
Legearen arabera, 700 lagunetik gorako edukiera duten ikuskizunek eta jolas-jarduerek segurtasuna zaintzeko zerbitzua izan behar dute, sor daitezkeen arriskuak edo kalteberatasun-egoerak direla-eta. Hala ere, lurralde-administrazio publikoek antolatutako ekitaldiek ez dute segurtasun pribatuko zerbitzurik izan beharrik izango, baldin eta dagokion polizia-kidegoak pertsonen segurtasuna modu presentzial, proportzional eta egokian bermatzen badu funtzionamendu-ordutegian.
Araudi hori betetzeko, Udaltzaingoak presentzia handiagoa izango du Tabirako igerilekuetan. Jende gehiago edo 700 lagunetik gorako edukiera espero denean, patruilek aldizkako txandak egingo dituzte, dena normaltasunez igarotzen dela ziurtatzeko. Gainera, horren osagarri, Udaltzaingotik jarraipen zehatzagoa egingo da, esparruan jarritako bideozaintza-kameren bidez.
Bestalde, herritarrei eskatzen diete arreta berezia jartzeko beren ondasun pertsonalei, galerak edo ebasketak saihesteko. "Durangoko Udalak erabiltzaile guztien laguntza eskertu du eta neurri hauek Tabirako igerilekuetan giro seguru eta atsegina izatea espero du", azaldu dute.