Durangoko Udaltzaingoaren hautatze-prozesuan ustez izandako filtrazioen aurrean udalak "berehala" jardun zuela esan du

Anboto 2024ko uzt. 18a, 11:56

Durangoko Udalak jakinarazi duenez, bai epaimahaiburuak bai ustez onuradun izan zitekeen pertsonak uko egin zuten. Hartara, hautaketa-prozesua "berme guztiekin" amaitu dela adierazi du. 

ESAN sindikatuak Durangoko Udaltzaingoaren barne-izaerako hautaketa prozesuan salatutako ustezko filtrazioen aurrean, "berehala" jardun zuela azpimarratu du udalak. Udaltzaingoaren arduradunek berariaz eskatuta, prozesu osoa gainbegiratu zuen Arkauteiko polizia akademian kontsulta egin zutela argitu dute. Horren gomendioei jarraituz, ikerketa bat abiarazi zuen udalak giza baliabideen alorretik, "gertatutakoa argitzeko". Udal ordezkariek nabarmendu dute, epaimahaiburuak uko egin ziola akusazioen berri izan zuenean, eta ustez onuradun izan zitekeen pertsonak ere uko egin ziola hautaketa-prozesuari.

Prozesua beste agente baten izendatuta amaitu da, "hartara prozesuaren gardentasuna eta justizia bermatuz".

Udaltzaingoa prestatzeko "ahalegin handia"

Udal arduradunek adierazi dute legegintzaldi honetan udala "ahalegin handia" egiten ari dela Udaltzaingoko langileak prestatzeko. "Garrantzitsua da gogoratzea ez dagoela jasota azken bost urtean Udaltzaingoarentzako formazio planik egin denik", azpimarratu dutenez. Udalak gogorarazi du Durangoko Udaltzaingora lau agente berri batu direla, eta onartu du "beharrezko neurriak" hartzen ari direla absentismoari aurre egiteko.

Barne Ministerioaren datuen arabera, 2024ko lehen hilabeteetan kriminalitateak Durangon % 10,4ko beherakada izan duela nabarmendu dute udal arduradunek. Datu horiek ESAN sindikatuak adierazitako baieztapenen "faltsutasuna" islatzen dutela gaineratuz. Sindikatuari esan diote udalak "ateak irekita" dituela  elkarrizketa "eraikitzaile" bat izateko.

Gobernu taldeak Udaltzaingoak egiten duen "lan eskerga" eskertu du, eta orain arte bezala lan egiten jarraitzera animatu du, "horrelako eztabaidak alde batera utzi eta durangarren segurtasunean zentratuz, hori baita bere helburu nagusia".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!