Durangotik Donostiarako garraio zerbitzua hobetzeko galdeketa martxan jarri du udalak

Anboto 2024ko uzt. 15a, 16:03

Udalak herritarren premia eta lehentasunak ezagutu gura ditu, Durangotik Donostiarako garraio publikoaren "kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko". Parte Hartu partaidetzako udal plataformaren bidez egingo dute galdeketa, uztailaren 28ra bitartean.

Durangoko Udalak galdeketa abiatu du Durangotik Donostiarako garraio publikoaren "kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko" helburuagaz. Galdeketa horren bitartez, herritarren premia eta lehentasunak ezagutu gura dituzte, azaldu dutenez. "Dela lanagaitik, ikasketengaitik zein aisialdiagaitik, Durangotik Donostiara joan behar duten pertsonen eskaria ezagutu nahi da, datu horiek garraioko foru-organo eskudunei helarazteko.
Helburua desplazamendu-ohiturak, lehentasunak eta askotariko beharrak hobeto ulertzea da, autobus- eta tren-zerbitzuen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko", argitu dutenez.

Uztailaren 28ra bitartean bete daiteke udalak prestatutako galdetegia Durangoko Udalaren webgunean sartuta. 

Gai horrekin lotuta mozioa onartu zuen udalak aho batez, joan zen ekainean. Bertab zioen, maiztasun egokia izango duen Durango-Donostia autobus linea izateko, udalak laguntza eskatuko diela Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio sailei elkarregaz azterlan bat egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!