'Durango Turismo' marka berria aurkeztu dute

Anboto 2024ko uzt. 12a, 13:13

Udaleko eta Turismo Bulegoko arduradunak.

Durangoko nortasun turistikoa indartzea du helburu udalak merkaturatutako marka berriak, "eta eskualdeko natura, historia eta kultura nabarmenduko dituen turismo jasangarria sustatzea". Halaxe azaldu du Mireia Elkoroiribe alkateak.

Udalak 'Durango Turismo' marka berria merkaturatu du, "herriaren nortasun turistikoa sendotu eta indartzeko". Gaur aurkeztu dute irudi berria, Turismo Bulegoan. Mireia elkoroiribe alkatearen berbetan, "hiribilduaren erakargarritasun nagusiak nabarmentzea izan da helburua: ondarea, historia eta natura Eta, horretarako Santa Ana arkuaren silueta elementu naturalekin konbinatzen duen irudi adierazgarria erabili da".Durango helmuga kultural eta natural gisa sustatzeko eta dinamizatzeko funtsezko tresna ere izan nahi du marka berriak, gaineratu duenez. 

Durangoko nortasun turistikoa indartzea du helburu udalak merkaturatutako marka berriak, "eta eskualdeko natura, historia eta kultura nabarmenduko dituen turismo jasangarria sustatzea". Udalak bultzatu gura duen estrategia turistikoa ordezkatzen du 'Durango Turismo' markak: "jarduera ekonomikoa bultzatzea, eta ostalaritza eta komertzioa bezalako sektoreak indartzea oinarri dituen estrategia. Herriko ondarea, historia eta natura azpimarratzeaz gainera, turismoa Durangoko egunerokoan txertatu gura duen estrategia", alkateak azaldu duenez.

Jesica Ruiz alkateordeak udal teknikarien ahalegina eta dedikazioa azpimarratu du. Era berean, azaldu du turismoak "nabarmen" egin duela gora. "2024ko ekainera bitartean, 9.251 bisitari izan ditugu; iaz, aldi berean 8.833 bisitari erregistratu ziren. Horrek esan nahi du turisten kopuruak nabarmen egin duela gora". Gainera, joan zen ekainaren 22an eta 23an egindako bisita gidatuetan 105 lagunek parte hartu zutela azaldu du. "Datu oso positiboa da hori, gure udalerriarekiko gero eta interes handiagoa erakusten baitu".

Turismo Durango stand bat ere sortu dute, antolatzen diren ekitaldietan erabiliko dena, "markaren nortasuna sortzen eta indartzen laguntzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!