Durangoko Udalak Julene Azpeitia haurreskolako bulegoko ateak eta zorua aldatu gura ditu eta horretarako lizitazio prozesua hasi du, 17.515 euroko aurrekontuagaz. Umeentzako eta hezitzaileentzako "ingurune seguruagoa eta funtzionalagoa" sortzea da helburua, udal ordezkariek azaldu dutenez.
Gaur egungo segurtasun eta irisgarritasun estandarrak betetzen dituzten ateak jarriko dira, "eguneroko erabilera intentsioa jasateko diseinatuak". Zorua ere erabat berrituko da espazio "segurua" eta "garbia" bermatzeko. Lanak uztailaren 22an hasiko dira, eta bizpahiru aste iraungo dute. Durangoko Udalak "herriko hezkuntza-azpiegiturak mantentzeko eta etengabe hobetzeko hartutako konpromisoaren parte dira" lan hauek, "ikastetxe publiko guztiek ahalik eta baldintza onenak eskaintzen dituztela ziurtatuz".