"Proiektu hau oso aukera ona da Kenyan hezkuntza, autonomia eta garapen iraunkorra sustatzeko"

Joseba Derteano 2024ko uzt. 9a, 12:00

Beñat Goikoetxea, Jon Batiz eta Iratxe Lejarreta, Bremengo unibertsitateko Vivian Harberts-ekin.

Beñat Goikoetxeak eta Jon Batizek, Maristak Durangoko beste irakasle batzuekin batera, Sistema Elektroteknikoen eta Automatizazioaren goi mailako zikloa jarriko dute martxan aurten. Erronka hori nahikoa ez eta Erasmus+ nazioarteko proiektu batean murgilduko dira Bremengo Unibertsitatearekin elkarlanean. Kenyako landa-eremuetan hezkuntza eraldatzea helburu duen ekimen aitzindaria da. Proiektu honetan ikastetxeko beste irakasle bat den Iratxe Lejarretari lagunduko diote. Lejarretak urteak daramatza proiektuan parte hartzen.

Zer ezagutza behar dira zikloko ikasleek eta irakasleek gizarte eta nazioarteko proiektu bati aurre egin ahal izateko?
Zikloko irakasleak garen aldetik, teknikariak prestatzea hainbat sektoretarako, hala industrietarako nola bizitegietarako, gure erronka bat da. Telekomunikazioak, sistema elektrikoak, automatizazioa eta ikuspegi guztiz praktikoa duten proiektuen kudeaketa barne hartzen dituzten erronken bidez, ikasleak lanerako prest daude.

Sistema elektroteknikoen eta automatizazioaren ziklo honetan, ikasleek aukera zabala izango dute: mundu modernoa funtzionarazten duten sare elektrikoak eta automatizazio-sistemak diseinatzen dituzten aditu bihur daitezke. Energia-enpresetan, eraikuntza-enpresetan, eraikin adimendunei bizia emanez; edo fabriketan, non automatizazioa funtsezkoa baita, produkziorako lana aurki dezakete. Telekomunikazioen sektorean ere aukerak daude, konektatuta mantentzen gaituen azpiegitura mantenduz. Eta ekintzaileak badira, instalazio- edo mantentze-enpresa bat ere munta dezakete.

Argi dago ezagutza horiekin etorkizun oparoa izan dezaketela eta besteen etorkizuna hobetzen lagun dezaketela, proiektu honetan ikusiko duzuen bezala, hala da?
Hala da bai. Zikloko ikasleek eta irakasleek funtsezko zeregina dute proiektu honetan. Gaur egun alderdi energetikoan parte hartzen dugun bi irakasleok zeregin garrantzitsua dugu programaren oinarri teknikoak eta hezkuntzakoak ezartzeko. Esperientzia eta ezagutza behar dira eguzki-plakak behar bezala instalatzen direla eta oinarrizko kontzeptuak modu eraginkorrean transmititzen direla ziurtatzeko.

Datorren ikasturterako, proiektu hau ikasgelan erronka gisa sartzeko asmoa dugu, non ikasleek beren ezagutza teorikoak testuinguru praktiko eta errealista batean aplikatzeko aukera izango duten. Horrek, beren ikaskuntza aberasteaz gain, mundu errealeko arazoak konpontzen esperientzia baliotsua emango die. Benetako erronkei aurre egitean, ikasleek trebetasun kritikoak garatu ahal izango dituzte, hala nola talde-lana, berrikuntza eta ohituak ez daudenen inguruko moldagarritasuna. Gainera, gizartean eta ingurumenean eragin positiboa duen proiektu batean zuzenean parte hartzea oso motibagarria izan daitekeela uste dugu. Horri esker, beren lanaren eragin ukigarria ikus dezakete: beren ezagutzarekin beste herrialde baten aurrerabideari lagun diezaiokete eta energia berriztagarriek eta jasangarritasunak gaur egungo munduan duten garrantzia uler dezakete.

Zuen ustez, zer erronka izango dituzue Kenyan lan egitean?
Egia esan, ez gara oso kontziente benetan aurkituko dugunaz (barrez), orain arte distantziatik eta gure errealitatetik lan egiten aritu garelako, baina desberdintasunaz jabetzen gara eta prest gaude edozein ustekaberekin topo egiteko. Ziur gaude erronka garrantzitsuei egin beharko diegula aurre, hala nola landa-eremuetarako sarbideari eta logistikari, teknologia klimaren eta ingurumenaren beste baldintza batzuetara egokitzeko beharrari, eta iraunkortasuna epe luzera ziurtatzearen garrantziari dagokienez.

Irakasleen prestakuntza funtsezkoa da sistemaren mantenua eta ulermen teknikoa bermatzeko, eta proiektuan parte hartzeak trebetasun praktikoak eta ingurumen-kontzientzia sustatuko ditu. Oztopoak oztopo, proiektu hau oso aukera ona da Kenyan hezkuntza, autonomia eta garapen iraunkorra sustatzeko.

Nola ziurtatzen dute tokiko erkidegoek eguzki-plaken instalazioak iraunkorrak eta epe luzera mantentzeko modukoak direla?
Kenyako tokiko komunitateek eguzki-plaken instalazioen iraunkortasuna eta epe luzeko mantentzea bermatzeko, garrantzitsua da prestakuntza egokia ezartzea eta mantentze-plan komunitario bat ezartzea tokiko euskarri teknikoa garatzeko. Neurri horien bidez, komunitateak energia berriztagarriari etekina ateratzeaz gain, ezinbesteko azpiegitura hori kudeatzeko eta zaintzeko gaitasuna garatzen du, garapen autonomo eta iraunkorrerako.

Zer eragin izatea espero duzue proiektu horrek Kenyako tokiko komunitateetan eta zer ikaskuntza giltzarri lortu dituzte orain arte?
Proiektuaren helburua Kenyako mendebaldean Homa Bay konderrian, landa-eremu batean, eragin positibo esanguratsua sortzea da. Gure aletxoarekin, hezkuntzaren kalitatea hobetzea espero da, eta, horrekin batera, bere bizi-kalitatea hobetzea, enplegua sortuz, hezkuntzarako sarbidea handituz eta tokiko azpiegitura indartuz. Lankidetza oso garrantzitsua da horrelako proiektuek epe luzera arrakasta izan dezaten, eta, kasu honetan, lider komunitarioen laguntza dugu horrelako ekimenek tokiko biztanleen benetako beharrak asetzen dituztela bermatzeko.

Duela gutxi, Bremenera (Alemania) bidaiatu duzue. Zein zen bidaia honen helburua? Nolakoa izan da esperientzia hori?
HETELen mugikortasun-beka batekin bidaiatu dugu Bremenera, eta han Alemaniako Lanbide Heziketaren sistema ezagutzeko eta gure sistemari aplika dakizkiokeen ideiak hartzeko aukera izan dugu, hobetu ahal izateko. Egonaldian, LHko ikastetxe bat bisitatu dugu, eta bertatik bertara Alemaniako hezkuntza teknikoan aplikatzen duten metodología ikusi dugu. Halaber, Bremengo Unibertsitateko Teknologia eta Hezkuntza Institutua (ITB) bisitatu dugu, LHko irakasleen prestakuntza-prozesua nolakoa den ikusteko.

Gainera, DEVIS4KE nazioarteko proiektuaren koordinatzaileekin biltzeko aukera izan dugu, proiektuaren hurrengo fasearen planifikazioan eta antolaketan lan egiteko. Izan ere, uztailaren amaieran Kenyara joango gara eskoletan eguzki-panelak jartzeko, eta asko prestatu behar da bertako irakasleak gaitzeko, beren hezkuntza-azpiegitura hobetzeko eta energia berriztagarriari buruzko ezagutzekin ahalduntzeko.

Proiektu honetan sinesten dugu, eta, batez ere, irakasleak garenez, irakasleek eta ikasleek horrelako erronka sozial eta ingurumenekoetan duten inplikazioak plus bat ematen diela, eta beren sektore elektriko-elektronikoko profesional tekniko hobeak egiten dituela, uste dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!