Plateruena erabiltzeko prezio publikoak onartu ditu Durangoko Udalak

Anboto 2024ko uzt. 3a, 12:32

Kontzertuak emateko, eta, arte eszeniko eta kulturaletarako prezio publikoak zehaztu ditu Durangoko Udalak. Kasuan kasu, %50eko eta %75eko hobariak jaso dituzte.

Plateruena kultur aterpearen prezio publikoak onartu ditu Durangoko Udalak, horrek herriko kultura estrategian duen garrantzia azpimarratuta. Hartara, kontzertu aretoa eta arte eszeniko eta kulturalak alokatzeko aukera zabaldu dute, kasuan kasu, %50eko eta %75eko hobariak aurreikusita. Asko landutako prezio “xumeak” direla nabarmendu du Jon Sergio kultura zinegotziak.

Kontzertu aretoa ordubete alokatzeko 120 euro ordainduko dira —lau orduz, 384 euro, eta zortzi orduz 573 euro—; eta, arte eszeniko eta kulturalenkasuan, ordua 90 euro ordainduko da —lau ordurako 288 euro, eta zortzi ordurako 432 euro—. Publikorik gabeko ekitaldietarako, bestalde, 80 euroko prezioa zehaztu da, orduko —lau ordurako, 264,40 euro, eta zortzi ordurako, 393,60 euro—. 

Plateruena eta Landako Gunea sustatzeko udalak abiatutako plana aurten osatuko da, eta datorren urtean jarriko da martxan behin betiko. Sergioren berbetan, “Plateruena, Durangon, Durangaldean, eta Euskal Herrian kokatzeko proiektu parte hartzaile bat dago martxan; irailean abiatu zena, eta aurretik egin diren beste bi prozesuetan jasotako ekarpenak aintzat hartu dituena”. Plateruena, Landako Gunearekin batera, Bizkaian kultur erreferente bihurtzeko, Gobernu taldea lantzen ari den planteamenduaren arabera kontzertuak eskaintzeko tokia ez ezik, “ekoizpen eta musika proiektuen faktoria” ere izango da Plateruena, “Durangoko eta eskualdeko kultur premiei erantzunez, eta EAEko kultur esparruan bere errekonozimendua bilatuz”. Plateruena ez dagoela itxita nabarmendu du Sergiok, “erabilera xumea” duela baino.

EH Bilduko Martin Loizatek nabarmendu du Plateruenak “kultur erakuslehio eta sorkuntza espazio izan behar duela. Era berean, gaineratu du, azpiegitura horrekin zer egin erabakitzeko hirugarren proiektua sortu dela aurten. Udal gobernuak herritarren eta elkarteen iritzia, eta, aurretik egindako prozesuen ondorioak aintzat hartuko diren galdetu du. Urtebetean aurrepausorik eman ez dela dio Loizatek, eta proiektu “ilusionagarri” eta “anbiziotsua” garatzeko aukera dagoela. Horretarako elkarlanerako prest dago EH Bildu. Onartutako prezio publikoek Plateruena zabaldu bitartean, kultur azpiegitura erabiltzeko aukera ematen dutela azpimarratu dute, eta kultur elkarteek eta euskal eragileek lehentasuna izango dutela gogoratu.

Herriaren Eskubidea-ko Jorge Varelak onartu du “beharrezkoa” dela prezio publiko batzuk ezartzea, baina gogoratu du Plateruenerako egungo proiektuak ez duela bat egiten iazko prozesu parte hartzailetik ateratako ereduarekin. EAJ, PSE-EE eta PPk onartu dituzte prezio publikoak. EH Bildu eta Herriaren eskubidea abstenitu egin ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!