'Kontaidazu Durango' ibilbide autogidatuaren baldosak berritu dituzte

Anboto 2024ko uzt. 3a, 11:10

Durangoko Udalak ibilbide turistiko autogidatuaren baldosak jarri zituztenetik 12 urte igaro dira, eta hondatuta egon dira. Azaldu dutenez, ez zuten euren funtzioa behar bezala betetzen.

Durangoko Udalak Kontaidazu Durango ibilbide turistiko autogidatuaren baldosak berritu ditu. Argitu dutenez, duela 12 urte ipini zituzten, eta dagoeneko ez zuten euren funtzioa behar bezala betetzen, hondatuta zeudelako. 

Turismo Bulegoan eskaintzen den bisita autogidatuak 14 geltoki ditu, eta bisitari eta turistei Durangoko historia eta ondarea ezagutzeko aukera ematen die, " modu atsegin eta irisgarrian". Interes historiko eta kulturala duten tokiei buruzko informazioa ematen da, hainbat hizkuntzatan: euskara, gaztelania, katalana, ingelesa, frantsesa eta alemana. Ordubete eta hamabost minutu inguru irauten du ibilbideak, hainbat leku enblematikotik igarota: Lariz Torre, Santa Ana plaza, udaletxea, Sanagustinalde, Ezkurdi plaza, Andra Maria kalea, Uribarriko Santa Maria basilika, Kurutziaga kalea, Kurutzesantu museoa, Kalebarria, Balbino Garitaonaindia plaza, Santanoste, Pinondo plaza eta Tabira. 

Turismo Bulegoan eskura dagoen plano turistikoan adierazten dira baldosa gorri berriekin seinaleztatutako geltokiak, eta audioak WhatsApp bide lortu daitezke. Informazio gehiagorako edo erreserba egiteko turismodurango.net atarian sartu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!