Durangoko Zabalarra eskolan sukaldea jarri eta jantokia handitzeko lanak hasi dituzte

Anboto 2024ko uzt. 2a, 16:17

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak milioi bat euroko inbertsioa egingo du Durangoko Zabala eskolan sukaldea jarri eta eta jantokia handitzeko. Atzo hasi ziren lanak amaitzeko 14 hilabete beharko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzo hasi zituen Durangok Zabalarra ikastetxean sukaldea jarri eta jantokia handitzeko obrak. Durangoko Udalak jakin eragin duenez, lanek 14 hilabete irautea aurreikusi dute. 

Behe-solairuari modulu berri bat gehituko diote, etorkizunean "janariaren prestaketa eta kontsumoa ikastetxean bertan" egin ahal izateko. Sukaldeaz gainera, biltegia, sukaldeko beharginentzako eta begiraleentzako aldagelak, hondakinen eremua, hozkailu-gela eta komun berriak eraikiko dituzte. Obrak egiteko aurreikusitako epea hamalau hilabetekoa da, eta Durangoko Udalak azaldu duenez, jantoki zerbitzua bermatuta egongo da lanek iraun bitartean. Hezkuntza Sailak ia 1.012.000 euroko aurrekontua prestatu du lanak gauzatzeko.

Mireia Elkoroiribe alkatearen berbetan, "proiektu hauek ez dira azpiegituretan egindako inbertsioa
bakarrik; gure etorkizunean, gure ikasleen osasun eta segurtasunean eta Durangon eskaintzen
dugun hezkuntzaren kalitatean egindako inbertsioa dira". Gaineratu du, Hezkuntza Sailarekin eta hezkuntza zentroekin "lankidetza estuan", udalak pauso "sendoak" ematen ari dela, "instalazioak modernizatzeko, eta ongizatea, bizikidetza eta ikaskuntza optimoa sustatuko dituen hezkuntza-ingurua sortzeko".

Bestalde, Frai Juan Zumarraga institutuko frontoia berriztuko dute, egitura eta teilatua aldatuz. Horrez gainera, harmaila kenduko dute. Lan horiek datorren urtean hasiko direla jakin eragin dute udal arduradunek. Eremua "ikastetxeko patioan hobeto integratzea" da helburua, "ingurune irekiagoa, garbiagoa eta seguruagoa sortzeko". Lau hilabete iraungo dute lan horiek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!