Mugikortasun Segururako Programa garatuko dute Durangon, eta horretarako lizitazio prozesua zabaldu du udalak. "Udalerrian bide segurtasuna hobetzeko eta mugikortasun iraunkorreko hezkuntza sustatzeko", jarduera plan bat diseinatu eta gauzatzeko laguntza teknikoa ematea du helburu kontratuak. Udalak 60.500 euroko aurrekontua lotu du urte biko iraupena izango duen kontrataturako. 2024ko irailaren 1ean hasiko da eta beste urtez luzatzeko aukera egongo da.
Jarduera plan bi arlotan garatuko da. Batetik, lehen eta bigarren hezkuntzako eskolaumeei zuzenduta, eskola prestakuntza landuko da. Horretara, irailetik ekainaren bitartean, jarduera teoriko eta praktikoak landuko dira. 3.303 umek parte hartuko dutela kalkulatu dute. Bestetik, adinekoei, haurdunei eta dibertsitate funtzionala dutenei zuzendutako prestakuntza landuko da. Era berean, Mugikortasunaren Europako Astean jarduera espezifikoak prestatutako dira. Halaxe azaldu dute udal ordezkariek.
Programa hau 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) barruan kokatzen da, udal arduradunek azaldu dutenez, eta "trafiko-istripuek eragindako heriotzak eta lesioak murrizteko eta kalitatezko hezkuntza iraunkorra sustatzeko helburuetan lagundu" gura du. Uztailaren 8ra arte aurkeztu daitezke proposamenak udalean.
Mugikortasun Seguruko Programak "istripuak murriztea eta mugikortasun seguruko praktikak sustatzea ez ezik, herritarrak ingurumena errespetatzen duten ohitura jasangarrietan heztea ere bilatzen du", adierazi dutenez. Durangoko Mugikortasun Iraunkorreko Planarekin (2010-2025) bat datorren ekimena da, hiri-kultura mugikortasun jasangarriago eta seguruago baterantz eraldatzera bideratua, gaineratu dutenez.