'Yum Yum Durango' gida gastronomikoa kaleratu dute

Anboto 2024ko eka. 27a, 14:06

Iñigo Kortabitarte (bigarrena ezkerretik) sukaldaria udal ordezkariekin.

Durangoko Udalak turismoari zuzenduriko 10.000 ale argitaratu ditu, lau hizkuntzatan eta hiru ataletan banatuta; jatetxe eta tabernen eskaintzari "balioa ematea" izan dute helburu.

Durangoko Udalaren eta Turismo Bulegoaren babesa duen lehenengo gida gastronomikoa kaleratu dute Durangon, Yum Yum Durango izenekoa. Turismoari zuzenduta dago eta herriko jatetxe eta tabernen eskaintzari "balioa ematea" du helburu. Halaxe azaldu du Jesica Ruiz alkateordeak gida aurkezteko egindako agerraldian. 

24 orrialdeko gida da eta hiru ataletan dago banatuta: menuak, mokaduak edo tapak, eta gosariak. Lehenengo edizio honetarako, 10.000 ale argitaratu dituzte, lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez).

"Gida hau funtsezkoa da tabernak eta jatetxeak suspertzeko dugun estrategiarako, sukaldaritza-esperientzia paregabeetan interesa duten turistak erakartzen laguntzeko eta tokiko ekonomiari laguntzeko", adierazi du  Ruizek. Durangoko Kobika jatetxeko Iñigo Kortabitarte sukaldari durangarrak ere parte hartu dau aurkezpenean.  2024ko Bizkaiko pintxo onenaren egungo irabazleak adierazi duenez, "ekimen hauek oso onuragarriak dira Durangorako. Oso garrantzitsua da gure gastronomia nabarmentzea eta turistari herrian dugun eskaintzaren artean aukeratzen laguntzea, udan edo urteko edozein unetan".

Jatetxe edo taberna bakoitzaren plater bereizgarrienetariko batzuk erakusten dira gidan,  lokalaren azalpen batekin. Gainera, kontsumizioaren edo menuaren bataz besteko prezioa ere zehazten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!