Durangoko garbitasun zerbitzuko langileek elkarretaratzeak egingo dituzte, "zerbitzuan hobekuntzak eskatzeko"

Anboto 2024ko eka. 27a, 08:14

Durangoko udaleko garbitasunaren langileek protesta ekintzak hasi dituzte, "partzialtasuna murriztu eta zerbitzua hobetzeko". Herriaren Eskubidea udal taldeak egoera horren aurrean neurriak hartzea eskatu dio gobernu taldeari, azken udalbatzarrean.

Durangoko udaleko garbitasuneko langileek protesta ekintzak hasi dituzte. Besteak beste, kontratazio-ordena arautuko duen lanpostu hutsen sistema jartzea aldarrikatzen dute., Hartara, "lanaldiak luzatzen eta kolektiboaren partzialtasuna murrizten laguntzeko". Martitzen eta ostegunetan elkarretaratzeak egingo dituzte, zerbitzuan hobekuntzak eskatzeko.

Gaur egungo lan taldea 40 langilek osatzen dute; ia guztiak dira emakumeak, eta bederatzi bakarrik daude lanaldi osoagaz, horietako bi gizonak. Halaxe jakin eragin dute Herriaren Eskubideak helarazi duen oharrean. Lan taldean dagoen partzialtasun egoeraren adibide moduan nabarmendu dute  astean ordu eta erdi lan egiten duten langileak daudela. Hartara, sortzen diren lanaldi hutsen ordena edo handitzea arautzen duen sistema bat ezartzea eskatzen dute garbitasuneko langileek.

Udalagaz eta zerbitzua kudeatzen duen ISS Facility Services enpresagaz batzartu diren arren, "bi aldeek uko egin diote langileei enplegu duina eta ez prekarioa bermatuko dien sistema arautzeari". Herriaren Eskubidea/ Independienteak udal taldeak udal zerbitzuetako garbitzaileen lan prekarietatea ezabatzeko neurriak hartzeko eskatu die EAJ eta PSOEri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!