Durangotik Donostiarako garraio zerbitzua hobetzeko azterlan bat egin gura du udalak

Anboto 2024ko eka. 27a, 09:00

Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien garraio sailei azterlan bat egiten laguntzeko eskatu die udalak; Durangoko eta inguruko herrietako ikasle talde baten eskariagaz bat egin dute EH Bilduk bultzatu eta udal talde guztien artean adostutako mozioan.

Maiztasun egokiak izango dituen Durango-Donostia autobus linea ezartzeko, elkarrekin azterlan bat egiteko laguntza eskatuko die Durangoko udalak Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio sailei. Hartara, lanerako, ikasketetarako edo aisialdirako Durangotik Donostiarako joan-etorriak errazteko. Halaxe jasotzen du EH Bilduk bultzatu eta udal talde guztiek adostu ondoren, aho batez onartu duten mozioak. Bide horretan, bi aldundiek eta Jaurlaritzak erakundeen arteko koordinazioa sustatzea eskatuko dute, "egungo eskaria ebaluatzeko eta zerbitzuen eskaintza herritarren benetako beharretara egokitzeko". Bestalde, Euskotreni Donostiarakotren zerbitzuaren iraupen-denborak murrizteko aukerak aztertzea eskatuko dio udalak. 

Donostiagaz, eta bereziki UPV-EHUko kampusarekin, garraioa hobetzeko, Durangoko eta inguruko beste herri batzuetako ikasle talde batek egindako eskariagaz bat egin du udalak mozioan. Udal talde guztiek bat egin dute garraio publiko jasangarri baten beharra aipatzerakoan, Donostiara ikastera edo lanera joan beharra dutenek aurre egin beharreko traba eta gastuak azpimarratuz.

PPren ustean, "beharrezkoa" da neurriak hartzea, eta bereziki nabarmendu du Durangoko eta inguruko herrietako ikasle bat horretarako pausoak ematen hasita dagoela. Herriaren Eskubideak, bestalde, adierazi du ezin dela hezkuntza publikoa sustatu garraio publiko "jasangarri" eta "kohesionatu" bat izan gabe.

Sozialistek adierazi dutenez, "argi dago Donostiarekin Durangok duen lotura ez dela ona". Hezkuntzarekin eta mugikortasun jasangarriarekin duten konpromisoa berretsi dute. EH Bilduk nabarmendu duenez, "garraio publikoa asko hobetu daiteke, ordutegi eta iraunpen-denborei dagokionez". Eta, ahal bezain arin neurriak hartzea eskatu dute.  

EAJk adierazi du udala ari dela lanean "durangarrentzako konektibitatea eta mugikortasuna hobetzeko eta Durango eta Donostia lotzen dituen autobus-linearen maiztasunak optimizatzeko". Urtarrilean Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiei Durango-Donostia linearen maiztasuna handitzeko eskatuz herritarrengandik jasotako hainbat eskari helarazi zitzaizkiela gogoratu dute. Otsailean idatzi formal bat bidali zion udalak Bizkaiko Aldundiari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!