Andereak elkarteak adineko emakumeen aurkako indarkeria salatzeko kontzentrazioa egingo du eguaztean, 19:00etan, Andra Mari elizpean. "Isildutako indarkeria" horren adibide moduan, joan zen astean Madrilgo Soto del Real herrian izandako hilketa "lazgarria" ekarri du gogora.
Andereak elkarteak azaldu duenez, "ez dago hilketa bat beste bat baino larriagoa denik. Baina, kasu honetan, biktima dekapitatua izan da eta buru beste leku batera eraman dute. Indarkeria mota hori neurriz kanpokoa eta krudela izan da". Biktimak 65 urte zituen eta banantzeko tramiteetan zeuden. "Emakume baten egoerarik arriskutsuena". Ildo horretan, adinekoen kontrako "indarkeria isila" salatu gura dute, "batzuetan hamarkadaz hamarkada luzatzen dena". Horregatik, HelpAge International España #Yanoesamor elkarteak aurkeztutako kanpainarekin bat egin dute.
Andereak elkarteak emandako datuen arabera, genero-indarkeria jasaten duten adineko emakumeen %40k baino gehiagok 40 urte baino gehiago dago egoera horretan; 20-30 urte ditu %27k. “Batzuetan, gertuko familiaren axolagabetasunaren aurrean ematen da" biolentzia hori, azaldu dutenez. Gaineratu dutenez, "pentsioak kobratzerakoan dagoen arrakalak emakume horien autonomia zailtzen du". Horregaitik indarkeriaren biktimei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ematea eskatzen du Andereak elkarteak.
Andereak elkarteak gogoratu du Durangok Berdintasun Sailari atxikitutako genero-indarkeriaren arloko unitate bat duela, eta biktimei arreta eskaintzen diela. "Indarkeria matxista pairatzen duten emakume guztiak animatzen ditugu Andraguneko zerbitzu honetara gerturatzera”. Gaineratu dute, Aldundiak sexu-indarkeriaren biktimei arreta emateko 24 ordu eta zazpi eguneko zentro bat duela. Doako etengabeko laguntza juridikoa eta psikologikoa eskaintzen duena eta 900 840 977 telefonoan arreta.ematen duena.