Bartolome Ertzilla musika eskolako teilatua konpontzeko lizitazio prozesua hasi dute

Anboto 2024ko eka. 22a, 14:50

Estalkia osorik ordezkatuko dute, euskarria eta zurezko egitura barne. Horretarako 870.551 euroko aurrekontua lotu dute. Obrak irauten duten bitartean, Bartolome Ertzilla musika eskola eta kontserbatorioaren behin-behineko egoitza, orain Udal Euskaltegia dagoen eraikinean egokituko dute.

Bartolome Ertzilla musika eskolako teilatua erabarritzeko lanen lizitazioa abiatu du Durangoko Udalak. Teilatua osorik ordezkatuko dute, eta horretarako 870.551 euroko aurrekontua lotu dute.

Teilatuaren konponketa lan horiekin eraikinaren baldintza estrukturalak eta estetikoak hobetu gura dituzte, eta energetikoki jasangarriak eta eraginkorrak diren konponbideak bideratu. Estalkia osorik ordeztea aurreikusi dute, euskarria eta zurezko egitura barne. Gainera, iragazgaizte eta isolamendu termikorako sistema aurreratuak jarriko dira, "iraunkortasuna eta erosotasuna bermatzeko". Bestalde, sabai faltsuak berrituko dira lehen solairuan, eta dagokion argiztapena eguneratuko da, "espazioaren funtzionaltasuna eta eraginkortasuna hobetzeko", ohar batean azaldu dutenez.

Lizitaziorako onarrizko aurrekontua 870,551.50 euroko da — BEZa gehitu behar zaio— eta uztailaren 5era arte aurkeztu daitezke proposamenak. Lanak gauzatzeko zortzi hilabete beharko dira. Obrak irauten duten bitartean, Bartolome Ertzilla musika eskola eta kontserbatorioaren behin-behineko egoitza, orain Udal Euskaltegia dagoen eraikinean egokituko dute.

Mireia Elkoroiribe alkatearen berbetan, "teilatuak hainbat akats ditu, eta horiek nabarmen eragiten dute musika eskolaren funtzionamenduan. Guretzat, estrategikoa da kultura, arte eta hezkuntza-gune hau berritzea, familientzako kalitatezko zerbitzua bermatuz eta udalerriko ondare historikoa zainduz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!