Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek eta Jesica Ruiz alkateordeak iazko urte amaiera abiatutako gobernu planaren balorazioa egin dute, legegintzaldia hasi zenetik urtebete denean. Adostutako 100 ekimen zehatzetatik %4 gauzatu direla eta %57 egin-bidean daudela eman dute jakitera. "Gobernu programa anbiziotsua osatu genuen eta lan asko dugu oraindik egiteko. Baina, proiektu asko martxan daude dagoeneko, eta balorazioa positiboa da", azaldu du Durangoko alkateak.
Gauzatu diren proiektuen artean Genero Indarkeriaren Unitatea, nabarmendu du Jesica Ruiz alkateordeak: "Gure lorpenik handiena administrazioan jarrera irekiagoa eta parte-hartzaileagoa ezartzea izan da. Durangarrak entzuteko eta herriko erabakietan aktiboki parte hartuko dutela ziurtatzeko konpromisoa dugu. Eta, udalerria hobetzeko energia eta ilusio berarekin jarraitzen dugu. Administrazioa ereduarekin hasten da elkarbizitza, eta gure helburua guztiontzako ingurune segurua eta bidezkoa sustatzea da. Elkoroiribek, trenbideko lurrak hainbat gauzetarako erabiltzea ahalbidetu dela, auzoetan bainu publikoak jarri direla eta migratzaileentzako Aholku Sarea jarri dela martxan gaineratu. Denboraren Bankua indartu dela eta Murueta Torre dorretxearen birmoldaketa ere nabarmendu dituzte.
Martxan diren beste hainbat proiektu ere aipatu dituzte: trenbide zaharraren birmoldaketa, bidegorri-sarea handitzea eta aparkaleku seguruak ezartzea, udaltzainen presentzia indartzea, baratze ludikoak gaitzea, trenbidearen trazadura berreskuratzea edota babes ofizialeko etxebizitzak prestatzea. Urki-Hegoaldeko bidearen lanak aurrera doazela ere adierazi dute, eta Bereizmen Handiko Osasun Zentroa ere prestatuko dela.
Bestalde, Pinondo Etxean kultur etxea eraikitzeko konpromisoa berretsi du Elkoroiribek. Baita Plateruena eta LAndako Gunea berreabiaraztekoa ere.
Berehalako proiektuak
Aurten, funtsezko hainbat proiektutan inbertsio handiak egingo direla gogoratu dute egindako agerraldian. Besteak beste, Musika Eskolako estalkia konpontzeko (958.467 euro), San Inazio parkeko jolasak hobetzeko (350.00 euro) eta Eguzkitzan baratze ludikoak (238.000 euro) egiteko.
Alkatearen berbetan, udalak "konpromiso irmoa du, etengabeko hobekuntzarekin eta herritarren ongizatearekin. "Durango inklusibo, jasangarri eta oparo baterantz aurrera egitea da gure helburua, herritar eta auzo guztiak aukeraz beteriko komunitate biziaren parte sentitu daitezen". Ruizek gaineratu duenez, "Durango are eta hobeagoa egiteko, herritarren benetako beharrei erantzuteko lanean ari gara; gobernantza ireki eta gardenaren eredu izan dadin, eta durangarrak euren herriaz harro senti daitezen".