Airearen kalitatea

Durangoko eguratsak kalitate parametro guztiak betetzen dituela berretsi du udalak

Anboto 2024ko eka. 19a, 09:09

Atzo egindako jardunaldiaren irudi bat.

Durangoko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek airearen kalitateaz informatzeko jardunaldia egin zuten atzo udaletxean. Airearen kalitatea "ona" dela berretsi dute arduradunek.

Airearen kalitatea hobetze aldera, Durangon jarritako karbono aktiboko iragazkiak "soluzio eraginkorra" izan dira. Horrela azaldu zuten, atzo, udaletxeko batzar aretoan egindako jardunaldi irekian. Azaldutakoaren arabera, 2021ean, bataz bestean kontzentratutako bentzeno-maila 5,75 mikrogramokoa zen unitate kubiko bakoitzeko (Europar Batasunak metro kubikoko 5 mikrogramotan du ezarria gehienezko muga). Eta, 2023an, bentzeno-maila unitate kubiko bakoitzeko 1,12 mikrogramo izatera pasa da. Jardunaldian parte hartu zuten Mireia Elkoroiribe alkateak, Javier Agirre Orcajo Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Ekonomia Zirkularreko zuzendariak, eta Aitor Larrucea Durangoko Udaleko Plangintza Iraunkorreko arduradunak.

Datu horien aintzat hartuta esan zuten Durangoko San Roke inguruko airearen kalitate-parametro guztiek betetzen dutela indarrean dagoen ingurumen-araudi zorrotza. Diotenez, airearen kalitate "ona" eta hartutako neurrien "arrakasta" berresten du horrek. Datu horiek lortzeko, "enpresen eta duragarren arteko lankidetza" nabarmendu zuen Mireia Elkoroiribe alkateak: Airearen kalitatea nabarmen hobetu dugu, eta horretan jarraitzen dugu". Horretarako, "ezinbestekoa" izan da tokiko administrazioen eta enpresen arteko lankidetza, alkatearen ustez. Udalak airearen kalitatea "etengabe hobetzeko"  konpromisoa berretsi duela gaineratu du.

Mugikortasun jasangarria

Aurrera begira udalak mugikortasun jasangarria lortzeko pausoak ematen jarraituko duela ere azaldu zuen Elkoroiribek. Kutsadura murrizteko disuasio-aparkalekuen earbilera sustauko dutela nabarmendu zuen, eta datozen hilabeteetan bidegorriak eta oinezkoentzako guneak handituko dituztela gaineratu. Bizipark bizikletentzako aparkalekua ere jarriko dute, eta bidegorriaren 18 kilometro berri lizitatuko dituzte, iragarri dutenez.

2017. urte amaieran bentzeno maila altuak antzeman ziren Durangon, batez ere poliestireno hedatuaren ereduaren gaineko galdaketa-isurketaren ondorioz. Ordutik aurrera, hainbat neurri zuzentzaile ezarri ziren, tokiko enpresek itxiturak eta tximinietako arazketa-sistemak hobetzeko inbertsioak barne. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!