Durangoko historiaren eta kulturaren inguruko bisita gidatuak egingo dituzte asteburuan

Anboto 2024ko eka. 18a, 10:00

Durangoko Udalak Gerediaga elkarteagaz batera antolatu dituen bisita gidatuak ekainaren 22an eta 23an izango dira.

Durangoko historiaren eta kulturaren inguruan lau bisita gidatu egingo dituzte asteburu hontan. Udalak Gerediaga elkarteagaz batera osatu du doako bisita gidatuen programa. Udal arduradunek ohar batean azaldu dutenez, "Durangoko historia eta kulturaren inguruko ezagutza zabaltzeko aukera paregabea da bisita hauetan parte hartzea".

Gazteleraz eta euskaraz egingo dituzte bisita gidatuak. Euskaraz ere eskaintzeko "ahalegina berezia" egin dela nabarmendu dute udaletik, eta horregaitik dei berezia egin zaie herritarrei  Durangoko altxorrak euskaraz ezagutzera gerturatzeko. "Izan ere, euskarazko bisita gidatuetan, gida adituek Durangoko historia eta gertakizunak modu erakargarrian azalduko dituzte, Durango hobeto ezagutzeko aukera paregabea eskainiz".

Ekainaren 22an, Durango zuri beltzean bisita gidatua egingo da, eta betaurreko estereoskopikoen bitartez, hiriak jasan dituen aldaketak ezagutzeko aukera eskainiko da. Gaztelerazko bisita 10:30ean hasiko da. Euskarazkoa, 12:30ean. 

Ekainaren 23an, bestalde, 1937ko martxoaren 31n Durangok jasan zuen bonbardaketaren aztarnak ezagutzeko aukera egongo da. Durango 0 Gunea izenagaz antolatutako euskarazko bisita gidatua 10:30ean hasiko da. Gazlerazkoa, 12:30ean.

Turismo Bulegoan eman behar da izena (Kurutziaga, 38), 94 603 39 38 telefonora deituta edo turismo@durango.eus helbide elektronikoaren bidez.

Uztailean ere bai

Uztailerako ere beste bi bisita gidatu antolatu dituzte: Durango historian izenburuagaz egingo dira, hilaren 6an eta 20an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!