Durangoko Haurren Kontseiluak 2023-2024 ikasturtean zehar egindako lanaren emaitza aurkeztu zioten udalari joan zen ekainaren 4an. Kurutziaga, Landako, San Jose Jesuitak, San Antonio, Zabalarra eta Nevers eskoletako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako 13 ikaslek osatzen duten taldeak udalerriaren inguruko diagnostiko zehatza egin zuen, "baliabide baliotsuak eta hobetzeko arloak identifikatuz", udal arduradunek ohar batean azaldu dutenez.
Ikastea, osasuna eta harremanak. Horrexek izan dira egindako azterketaren oinarriak.Taldeko irakurketa batean, kontzeptu horietako bakoitza azaldu zuten ikasleek, eta hezkuntza-giro aberasgarri baten garrantzia, osasun-zerbitzu egokietarako sarbidea, eta gazteen artean gizarte-harreman osasungarrietarako guneak sortzea azpimarratu zuten. "Ondo pasatzea" eta "beharrizanak" kontzeptuak ere txertatu zituzten egindako aurkezpenean. Nabarmendu zuten umeen eguneroko garapenean, jolasak eta birsortzeak garrantzi handia dutela; baita umeen ongizatea bermatzeko haintzat hartu behar diren oinarrizko beharrak aitortzea ere.
Udal arduradunek azaldu dutenez, Durangoko Haurren Kontseiluak "funtzio erabakigarria" betetzen du haurren eta gazteen ongizatera bideratutako politika publikoak garatzeko. Alkateak eta udal-ordezkariek Haurren Kontseiluaren oharrak eta proposamenak kontuan hartzeko konpromisoa adierazi zuten etorkizuneko udal-politikak eta programak planifikatzean eta gauzatzean.