Erabiltzeko prest dago kulturarteko espazio asoziatiboa izan gura duen Murueta Torre dorretxea

Aitziber Basauri 2024ko eka. 13a, 13:46

Udal ordezkariek eta Udal Euskaltegiko arduradunek agerraldia egin dute, gaur, Murueta Torre dorretxea birmoldatuta erakusteko.

Eraikina birmoldatzeak 2,5 milioi euroko inbertsioa eskatu du; dorretxeak Udal Euskaltegiaren egoitza hartuko du.

Herritarrei ateak zabaltzeko prest dago Murueta Torre dorretxea, kulturarteko espazio asoziatiboa izan gura duen azpiegitura berria. 1660ko eraikina guztiz eraberritu dute, bere balio historiko handia babestuz eta herritarren premiei egokituz. "Azpiegitura modernoa da, eskuragarria, eta askotariko ekintzak antolatzeko egokia. Eraikina Durangoren birgaitze urbanoaren ikur bihurtu da", adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak  gaur egin duten aurkezpenean. Proiektu "anbiziotsua" izan da eta 2,5 milioi euroko inbertsioa egin dute.

Eraikina lorategiz inguratuta dago, 400 metro koadro ditu, eta bertan erabilera anitzeko aretoak, tailer eta batzarretarako gelak, eta erakusketa zein kultur ekitaldietarako guneak egokitu dituzte. "Murueta Torreren birmoldaketak gure ondare arkitektonikoaren biziberritzea eta herritarrentzako gune moderno eta eskuragarri baten sorrera irudikatzen du. Gure historiaren garrantzia nabarmentzeaz gainera, herritarren parte hartzea eta kultur hartu-emana sustatzen du, eta hori funtsezkoa da Durangoren garapen sozialerako", gaineratu du Elkoroiribek.

Udal Euskaltegiaren egoitza ere izango da Murueta Torre. Durangoko alkatearen berbetan, "erabaki honek euskara sustatzeko eta ikasteko dugun konpromiso sendoa islatzen du. Ingurune egoki eta modernoa eskaintzen duenez, herritar gehiagok hezkuntza-zerbitzu garrantzitsu hori eskura dezaten laguntzen ari gara. Durango euskaldunago eta parte-hartzaileago baten gure ikuspegia berresten dugu, non hezkuntza eta kultura funtsezko zutabeak izango diren garapenaren bidean". Ildo beretik jardun du Paule Sanchez euskara zinegotziak. Udal euskaltegia Murueta Torre eraikinera lekualdatzea pauso "estrategiko" eta "garrantzitsua" izan da bere ustean, "beharrezko den zerbitzuari ikusgarritasun emateko". Azaldu duenez, "teknologia aurreratu eta baliabide didaktiko modernoekin" hornitu dute eraikina, "hezkuntza-esperientzia hobea" eskainiz. Udal Euskaltegia lekuz aldatu eta egokitzeko 200.000 euroko inbertsioa egin dute.

Euskaltegiko udako ikastaro trinkoetarako matrikulazioak zabalik daudela azaldu dute. Irailaren 2tik 27ra egingo dira

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!