Durangoko San Fausto eta Tabira auzoetan komun publikoak ipini dituzte

Anboto 2024ko eka. 11a, 17:00

Komun publikoak ekainaren bigarren hamabostaldian egongo dira herritarrentzako erabilgarri. Durangoko Udalak 135.278 euroko inbertsioa egin du.

Durangoko Udalak San Fausto eta Tabira auzoetan komun publikoak ipini ditu, eta ekainaren bigarren hamabostaldian egongo dira herritarrentzako erabilgarri, hornidura-alta guztiak eta erabilera egokia bermatzeko beharrezkoak diren gainerako egiaztapen tekniko guztiak egin ondoren. Halaxe azaldu dute udal arduradunek. Udalak 135.278 euroko inbertsioa egin du komun horietan.

Komun publikoen kokapenak "estrategikoki" aukeratu dituzte, udal ordezkariek ohar baten bitartez azaldu dutenez. Euretako bat Tabirako parkearen eta Intxaurrondoko haurrentzako jolas-gunearen arteko ibilbidean jarri dute; bestea, Astolabideko ibilbidean, San Fausto auzoan, umeentzako jolasgunetik gertu. "Jende asko ibiltzen den lekuetan daude, Durangoko bizilagunen sarbidea errazteko eta erosotasuna hobetzeko". Zerbitzu berri hauek eskainiz, "espazio publiko erosoagoak eta irisgarriagoak eskaini nahi zaizkie herriko aisialdirako guneez gozatzen duten pertsona guztiei", gaineratu dutenez.

Azpiegitura berri horiek Durangoko espazio publikoen erabilera-esperientzia hobetzen laguntzea espero dute udal arduradunek. Era berean, "herritarrek instalazio-prozesuan zehar duten ulermena eta laguntza" eskertu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!