Ikastaroak eta kultur tailerrak eskaintzeko lizitazioa hasi du Durangoko Udalak

Anboto 2024ko eka. 11a, 10:00

Herritar guztiei zuzendutako eskaintza anitza bideratzeko 72.642 euroko aurrekontua lotu dute.

Durangoko Udalak ikastaroak eta kultur tailerrak emateko lizitazio prozesua hasi berri du, herritar guztiei zuzendutako izaera soziokulturaleko prestakuntza-
jardueren eskaintza zabala egingo duen erakundea hautatzeko. Horretarako, 72. 642 euroko aurrekontua lotu dute.

Zerbitzua eskaintzeko kontratua bi zatitan dago banatuta. Alde batetik, 16 urtetik gorako herritarrei bideratutako urte osorako Pintura Tailerra eskainiko da. Urrian hasi eta ekainera bitartean garatuko da, martitzen eta eguenetan programatutako ordu biko saioak eskainiz: 12:00etatik 14:00etara, 15:00etatik 17:00etara, 17:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.

Beste alde batetik, urritik maiatzera bitartean, hilero, kultur-tailer programa bat diseinatu eta garatu beharko da, eskaintza anitza bideratuz: Astronomia, Arteterapia, Nutrizioa, Sendabelarrak eta Kosmetika naturala, Etxeko dekorazio elementuak kustomizatzeko hastapenak, Bisuteria abalorioekin, Argazkigintza mugikorrarekin eta Sare sozialetarako hastapenak.

Urte biko kontratua

Kontratuak ikasturte birako iraupena izango du, 2024-2025 eta 2025-2026. Eta, ikasturte bat gehiago luzatzeko aukera emango da. Lizitazioan parte hartu gura duten erakundeek saioen plangintza eta antolamendua, giza baliabideak eta baliabide materialak, lan-metodologia eta ebaluazio- eta hobekuntza-estrategiak jasotzen dituen proiektu teknikoa aurkeztu behar dute. Ezinbestean, irakasleak elebidunak izan behar dira euskaraz eta gaztelaniaz, "eta tailerrak emateko prestakuntza eta esperientzia egokia izan behar dute", udalak ohar baten bitartez azaldu duenez.

Guztira, 72.642 euroko aurrekontua lotu dute, lizitatzaileek lanbide-arriskuengatiko erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute; gutxienez 300.000 eurokoa.

Urteko ikastaroetarako izen-emateak irailean egingo dira, eta hileko ikastaroetarako bi deialdi egongo dira: bata irailean, urritik urtarrilera emango diren ikastaroetarako, eta bestea urtarrilean, otsailetik maiatzera egingo diren ikastaroetarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!